“Tximeleta efektua” esperientziaren ondoren, beste urrats bat emango dute Ekoetxea Txingudin. Plaiaundiko “tximeleten oasia” berreskuratzen saiatuko dira oraingoan. Igandean, ekainaren 25ean, landare onuragarriak landatuko dituzte, tximeletentzako lorategi batean aurki daitezkeenak, eta, gainera, horien inguruko gauza gehiago ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek, etxean norberak egiteko ere.
Ekintza 6 urtetik gorako haurrak dauzkaten familientzat pentsatua dago eta parte-hartzea doakoa izango da. Hala ere, Ekoetxea Txingudiren webgunearen bitartez izena ematea beharrezkoa da parte hartu ahal izateko.



