‘Ongizatearen Plaza’ ekimenak pertsonen ongizate integrala ekarri du Irungo Zabaltza plazara

Atzo goizean abiatu zen Irungo Zabaltza plazan Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ‘Ongizatearen Plaza‘ ekimena, pertsonen ongizate integrala erronka kolektibo gisa jorratzeko helburuarekin. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Nuria Alzaga Irungo lehen alkateordeak aurkeztu zuten bi eguneko egitarau ibiltari hau, komunitate-loturak sendotzeko eta gaur egungo gizarte-errealitate berriei erantzun koralak bilatzeko asmoz. Gipuzkoako hamaikagarren geldiunea izan da Irunekoa, eta tokiko zein lurraldeko eragile ugariren elkarlanari esker, ariketa fisikoa, nahi ez diren bakardadeak, elikadura, gazteen ongizatea, dolu-prozesuak eta migrazioa bezalako gai garrantzitsuak landu dira.

Atzoko jardunaldian, urriaren 7an, Adinberriren eskutik ariketa fisikoak, mindfulness saioek eta estimulazio kognitiboak ireki zuten egitaraua. Ondoren, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko solasaldia egin zen Nagusilan, Bidasoa Zurekin, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, Gurutze Gorria eta “Laguntza Gutunak” egitasmoko Itziar Sistiaga idazlearen parte-hartzearekin. Arratsaldean, etxe osasuntsuagoak sortzeko landaregintza tailerra eskaini zuen Endaneak, eta eguna amaitzeko, heriotzaren zein dolu-prozesuen inguruko mahai-inguru sakona egin zen, Bidasoa Zurekin elkarteko profesionalen eta esperientzia lehen pertsonan bizi izandakoen lekukotzekin.

Gaur berriz, urriaren 8an, elikadura osasuntsuari buruzko gosari-tailerrarekin ekin zaio egunari Elikaeneako Anne Otegi eta Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitioren eskutik. Jarraian, gazteen ongizatea, hiperkonexioa zein sare sozialen eragina izan dira hizpide gazteek beraiek bultzatutako eztabaida irekian. Gaur arratsaldean, 18:00etan, Cristina Lajas nutrizionistak menopausia zein perimenopausiako elikaduraz hitz egingo du, eta 19:00etan migrazio-prozesuak bizi izan dituzten pertsonen esperientziak entzuteko aukera egongo da. Azkenik, bi eguneko topaketa honi amaiera indartsua emateko, komunitate-festa irekia egingo da Zabaltza plazan, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude