Oiasso museoak Gipuzkoako Erroten III. eguna ospatzeko bisita gidatuak antolatu ditu

Irungo Udaleko Kultura Arloaren ekimenez, Oiasso Museoak Yurrita Errota Sustatzeko Elkartearekin eta Aldabe Kooperatiba Elkartearekin bat egin du, igande honetan Gipuzkoako Erroten III. Eguna ospatzeko. Horretarako, Irungo museoak doako bi bisita gidatu eskainiko ditu, errotekin loturiko edukian zentratuz.

Orduan, Museoak bere bilduma iraunkorraren bisita gidatuak eskainiko ditu, doan, hura osatzen duten bi errotetan arreta berezia jarriko duen ibilbide baten bitartez. Hain zuzen ere, Museoak badu Intxurreko esku errota bat, duela 3.000 urteko nekazaritzaren lekuko arkeologikoa, eta badu Arditurriko harrizko errota bat, K.o. I. eta II. mendeen artean datatua.

Bi bisita izango dira: 11:00etan bata, gaztelaniaz, eta 12:00etan bestea, euskaraz. Interesdunek lekua erreserbatu dezakete, 943 639 353 telefono zenbakira deituta.

Oiasso Museoak ez ezik, Gipuzkoako 25 udalerritako museoek eta interpretazio zentroek parte hartuko dute ekimenean, erroten garrantzia azpimarratzeko eta haiek ezagutarazteko 30 bat proposamenez osatutako programa baten bidez -erantsita doa-.

Errotak

Errotak ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mendeetan, garrantzi handia izan dute Gipuzkoaren garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueren adierazpide nagusietako bat dira, eta gizakiaren eta ingurunearen arteko harremanaz eta gure kultura eta historiaren parte diren bizimoduez mintzo zaizkigu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude