Euskadiko Itsasargien Lagunak kultur elkarteak “10 urte argitzen” izeneko argazki erakusketa antolatu du. Erakusketa 2024ko maiatzaren 20tik ekainaren 16ra egongo da ikusgai Irungo Palmera Montero gunean eta astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara eta larunbat eta igandetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da, jaiegunetan izan ezik. Sarrera doakoa izango da.
Erakusketaren inaugurazioa berriz, maiatzaren 20an egingo da, 19:00etan. Elkartetik herritar guztiei gonbita luzatu diete Palmera Montero guneko 2. aretoan egingo den ekitaldira hurbil daitezen. Bertan itsasargiei buruzko istorioen bat partekatu eta erakusketa irekitzeko ekitaldian parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, parte-hartzaile bakoitzari elkartearen oroigarri txiki bat emango zaio.
10 urte argitzen
«Irla txiki batean, Farokulus bizi zen: gaizki hezitako ziklope bat, inguru haietako erregearen semea. Farokulusek biziki maite zuen, amildegietara igota, harkaitz eskergak lurretik ateratzea eta irlatik gertu zebiltzan ontziei jaurtitzea. Bat edo beste hondoratzen zuenean, barre algaraka hasten zen. Poseidon, joko hartaz nekatuta, irlako erregearengana jo zuen, eta semeak ontziak hondoratzeari uzteko eskatu; mendiak uretara jaurtitzen jarraitzen bazuen, itsaso guztia estaliko zuen eta Poseidonek baino ez zezakeen uren eta nabigatzaileen patuarekin horrela jolastu, bera baitzen itsasoen jainkoa. Erregeak, semeari errieta ez egitearekin aski ez, eta Poseidon uhartetik egotzi zuen, semea lasai ibil zedin. Bitartean, erraldoiak izututako marinelek, itsasoaren jainkoaren omenezko tenplu bikain bat eraikitzeari ekin zioten, babes zitzan eskatzeko. Poseidon poz-pozik zegoen, Zeusen mailako tenplu bat izango zuela ikusirik. Alabaina, tenplurako marmola zeraman barkua porturatzear zela, harkaitz erraldoi batek jo eta hondora bota zuen. Poseidon sututa zegoen. Farokulus zigortzeko, gauero esna geratzera kondenatu zuen, amildegi ertzean, buru gainean su bat zuela, eta horrela itsasoko lehen argia bilakatu zen».
Itsasargien sorrerari buruzko istorio ugari daude, baita haiei buruzko kontakizun asko ere. Euskadiko Itsasargien Lagunak kultur elkartea duela hamar urte sortu zen, itsasargien zaletuen topagune izateko eta gainerakoei informazioa emateko asmoarekin. Hamarkada honetan guztian, elkarteko bazkideak ezinbesteko pieza izan dira elkartearen etenik gabeko hazkundean. Horregatik, elkarteko bazkideek bisitatu dituzten zenbait farori egindako argazkiak jasotzen dituen erakusketa antolatu dute.