Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, Amaia KZk ‘Abandonatuak‘ izeneko kontzertua hartuko du datorren abenduaren 20an, igandean, 19:00etan. Proiektu berezi honen eskutik agertokietara itzuliko da Natxo de Felipe, Oskorri talde mitikoaren sortzaile eta abeslaria, Kuarteto Philiperena harizko laukotearekin batera. Euskadi osoan emango duten kontzertu bakanetako bat izango da Irungoa, eta aukera paregabea eskainiko du taldearen lau hamarkada baino gehiagoko historian diskoetatik kanpo geratu ziren doinu ezezagunak zuzenean entzuteko.
Oskorrik 2015eko azaroan eman zion amaiera 45 urteko ibilbide luzeari, Bilboko Arriaga Antzokian emandako agur-hitzordu gogoangarrian, atzean 500 kantu baino gehiago eta 38 disko utzita. Lan bakoitza prestatzerakoan, ordea, maketa gisa gordetako hainbat doinu baztertuta geratu ohi ziren, gehienak De Felipek berak konposatuak. Erretiratzean iragarritako asmoari eutsiz, abeslariak Przemyslaw Pujanek poloniar konpositorearekin elkarlanean berreskuratu eta harizko laukoterako moldatu ditu 15 kantu horiek. Taula gainean Xabier de Felipek (lehen biolina), Przemyslaw Pujanekek (bigarren biolina), Esther Albak (biola) eta Karmele Castillok (biolontxeloa) lagunduko diote ahotsari.
Sarrerak ostegunetik aurrera salgai
Emanaldirako sarrerak azaroaren 5ean, ostegunean, jarriko dira salgai 10:00etatik aurrera udalaren webgunearen bidez. Txartelen prezio arrunta 16,45 eurokoa izango da, eta 10,80 eurokoa tarifa murriztua baliatzen dutenentzat.



