
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, «Oroimena eta Arkeologia» izeneko hitzaldia emango du ostiral honetan, maiatzaren 3an, Oiasso museoan Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrasti arkeologo ezagunak. Arkeologiak memoria-tresna gisa zer eskain dezakeen aipatuko du.Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrera doakoa da leku guztiak bete arte.
Museoan ikusgai dagoen Gipuzkoako emakume arkeologoak erakusketak gure lurraldeko ikerketa arkeologikoetan emakumeek egin duten ekarpena ezagutzera eman nahi da, eta esparru horretan antolatu da hitzaldia.
Lourdes Herrasti
Lourdes Herrasti Erlogorri doktorea osteoarkeologiako espezialista da, eta 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadi Zientzia Elkartean lanean. Egun Antropologia Saileko zuzendaria da.
Zenbait aurkikuntza arkeologiko garrantzitsu egin ditu, hala nola San Juan ante Portam Latinam (Araba) Neolito garaiko aztarnategia, eta gerra zibileko hobietan indusketak egin ditu, zorroztasun zientifikoa eta gizatasuna uztartuta. Herrastik antropologia fisikoaren esparruko lanak egin ditu, aztarnategi arkeologikoetako arrastoen azterlan antropologikoak eginda adibidez, eta Antropologia Fisikoko Saila sustatu zuen, eta bertako zenbait lan-ildo abiarazi.
Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkarteak sarritan parte hartzen du hobi komunak induskatzeko prozesuetan, eta aurkitutako gorpuzkien analisiak egiten ditu, memoria historikoa lantzen duten elkarteekin elkarlanean.
Dibulgazioa Lourdes Herrastik egiten duen lanaren zati garrantzitsua da. Horregatik, informazioa emateko hitzaldiak ematen ditu ikastetxeetan, lanak argitaratzen ditu eta datu-base ireki bat sortu du, desobiratzeetan bildutako informazio guztia jasotzeko.
Musika Eskolako ikasleen kontzertua
Hitzaldiaz gain, ostegunean, maiatzaren 2an, Irungo Udaleko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek aurten Oiasso museoan eskainiko diren kontzertuetako bigarrena emango dute. «Musika museoan» zikloaren barruan emango da. Ziklo horrek Oiasso Erromatar Museoak bere erakusketen eta programa iraunkorraren osagarri gisa antolatzen dituen musika-jarduera guztiak biltzen ditu. Hitzordua 19:30etan izango da, eta sarrera doakoa da leku guztiak bete arte.
Hona hemen programa osoa:
| Andoni Dieguez (tronboia) | L. Grondahl-en kontzertua |
| Izaro Villoria (biola) | Sonata Arpeggione (1. mugimendua), F. Schubert |
| Nora Roldán (txeloa) | Kontzertua la minorrean (1. mugimendua), C. Saint Saens |
| Naroa Aragón (biolina) | Romanza andaluziarra, P. Sarasate |
| Helena Pablos (klarinetea) | Kontzertua la maiorrean (1. mugimendua), W. A. Mozart |
| Naia Berruet (flauta) | Concertino, C. Chaminade |
| Ion Martinez (flauta) | 7. kontzertuko rondoa, F. Devienne |
Borja Rubiños irakasleak lagunduko die pianoan.



