MUBIL Mobility Expo erakusketa-espazio komertzial guztia saldu du azoka egiteko bi hilabetera

MUBIL Mobility Expo Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionalak dagoeneko lortu du erakusketa-espazioaren % 100 komertzializatzea. Ficobako hiru pabiloietan, apirilaren 17 eta 18an, mugikortasun jasangarriarekin eta energiarekin lotura duten ehun enpresa, zentro teknologiko, erakunde eta elkarte bilduko dira.

MUBILeko Mobility Expoko batzorde teknikoak azken bilera izan du gaur goizean Ficoban, azoka egin aurretik.  Bilera horretan, egiaztatu egin da azokaren laugarren edizioa erantzun ona izaten ari dela sektorean. Orain, ahaleginak egiten ari dira negozio-aukera berriak bilatzen dituzten bisitariak erakartzeko, bereziki operadoreak, erosleak, hiri eta enpresetako erabakitzaileak eta  zerbitzu-hornitzaileak.

 Halaber, aurreko edizioetan bezala, MUBIL Mobility Expok mugikortasun jasangarriko produktu eta zerbitzuetan inbertitzeko gaitasuna eta aurreikuspena duten bisitari espezializatuak bertara daitezen sustatuko du, bai enpresa pribatukoak, bai publikoak, Hosted Buyers Programa bat antolatuta.

Direbus, Batzorde Teknikoko kide berria 

MUBIL Mobility Exporen Batzorde Teknikoak gaur goizean egin duen bileran, Direbusek ere parte hartu du. Horrela, kide berria den Direbusek bat egin du mugikortasun jasangarriarekin eta energiarekin lotura duten erakunde publiko, enpresa, zentro teknologiko eta elkarteekin, laugarren azoka egiteko lanean aritzeko.

Direbus garraioaren sektoreko ETEen enpresa-erakunde bat da, eta Errepideko Bidaiarien Zerbitzu Publiko Diskrezionaletan eta Erregularretan dihardu. Autonomia-erkidego guztietan du ordezkaritza, eta errepideko garraio-zerbitzuak ematen dituzten 700 enpresa afiliatu baino gehiago ditu.

MUBIL Mobility Expo

MUBIL Mobility Expo, Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala, MUBILek bultzatzen du. MUBIL Euskadiko mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren polo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortua, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du. Xedea du sektore horretan dauden ahalmenak indartzea, sektorearen garapena bultzatzea eta alor horretako enpresa-sareak nazioartean duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzea.

MUBIL Mobility Expo garbia, eskuragarria, segurua eta konektatua den mugikortasunaren balio-kateko topaketa profesional bat da. Espazio horretan, eragile publiko eta pribatu nagusiak biltzen dira, eta bertan, irtenbide industrialak eta digitalak aurkitzen dira, mugikortasun jasangarriak gaur egun dituen beharrei eta gerora izango dituen erronkei erantzuteko.

Batzorde teknikoko kideak

Hauek dira MUBIL Mobility Expoko batzorde teknikoko kideak: AEDIVE (Ibilgailu elektrikoa garatzeko eta bultzatzeko enpresa-elkartea), BRTA-Basque Research and Technology Alliance, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Energiaren klusterra, Euskadiko Mugikortasunaren eta Logistikaren klusterra, Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Direbus, EIT Innoenery (European Institute of Innovation & Technology), EIT Urban Mobility (European Institute of Innovation & Technology), EEE. Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, CAF-Solaris taldea, Ibil, Indar (Ingeteam Taldea), Irizar e-mobility, MUBIL, Euskadi-Nafarroa-Akitania euroeskualdearen bulegoa, Petronor eta Tecnalia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude