Aurten 30 urte beteko dira Carlos Zapirainen areto dantzen akademiak Irungo Inauterietan lehenengoz parte hartu zuenetik. Urte hauetan guztietan inauteriak dantzaren bitartez gozatzen ikasi dute, espaloiko ikusleak txunditzearekin batera. Carlos Zapirainek azaldu duenez, aurten 76 dantzari izango dira, “The Greatest Showman” pelikula ardatz hartuta, Irungo kaleak dantzan zeharkatuko dituztenak.

Zer datorkizu burura lehen Inauteritik 30 urte igaro direla konturatzerakoan?
Ondo kontatu ote dugu? 30 urte zer diren pentsatzen dut eta berriro zenbatu behar ditudala iruditzen zait, ez dut ulertzen nola igaro diren 30 urte. Baina bai, 30 dira.
Nolatan erabaki zenuten Irungo inauterietan parte hartzen hastea?
Ba, duela 30 urte nire bikotekidea zena dantza irakaslea zen, eta dantza klaseak ematera animatu ninduen. Nekiena irakasten hasi nintzen eta horrekin nire lehen inauterian parte hartzea erabaki nuen. Oraindik hasiberriak ginen, beraz 14 bikote izan ginen lehen urte hartan. Hasierak ikusita bazirudien ez ginela 7 lagun bikote baino gehiago izatera iritsiko, baina, Irungo auzo askotan eskolak ematen nituenez, pixkanaka kopurua hazten hasi zen, eta, tira, 30 urte daramatzagu jada.
Zure ustez, 30 urte hauetan pilatutako esperientzia lagungarria da urtero inauteriak prestatzeko?
Bai, egia esan, asko ikasten da, beti baitago ezustekoren bat. Adibidez, gurpil zulatu bat, musika ez dabilela edo beste edozein gauza. Urtero saiatzen gara horrelakoak gerta ez daitezen, baina beti dago zerbait berria. Baina, tira, horri guztiari esker ere asko ikasten da, eta esperientziak, nola ez, lagundu egiten du.
Pasadizo horietakoren bat kontatuko zeniguke?
Egia esan, 30 urte hauetan denetik gertatu zaigu. Gurpil baten zulaketaren ondorioz aireportu alboko errepidean karrozarekin botata geratu ginen, baina konpontzea lortu eta desfilera iritsi ginen 17:30etarako, hura hasten ari zenean. 30 urteak islatzen dituen beste datu bitxi bat da niri karroza egiteaz arduratzen ziren denek lehen lan egiten zutela eta orain, ordea, denak erretiratuta daudela. Beraz, lehen arratsaldean geratzen ziren hori egiteko, eta orain goizetan egiten dute. Horrelako gauza txikiek denbora nola pasatu den erakusten didate.
“Egia esan, 30 urte hauetan denetik gertatu zaigu”
Urte hauen guztien artean, zein izan da bereziena eta zergatik?
Denak dira bereziak, baina bada bat niretzat oso berezia izan zena. Duela 17 urte hil zen nire anaia eta inauteri haiek beraren omenez egin nituen. Oso hunkigarria izan zen, eta heriotza gertakari polita ez bada ere, noski, niretzat oso bereziak izan ziren inauteri haiek.
Noiz eta nola hasten zarete inauterietako prestaketekin?
Inauteri bat amaitu bezain laster, hurrengoaren gaia pentsatzen hasten gara. Udaran serioxeago hartzen dugu kontua, batez ere Iñaki Cienfuegosen laguntzarekin. Normalean, lehenengo bileran ez da gaia azaltzen, eta beti egin behar izaten dugu bigarren, hirugarren edo laugarren bilera bat. Irailerako gaia pentsatua izaten saiatzen gara, gainontzeko gauzak antolatzen hasteko. Ni dantza eta koreografiez arduratzen naiz. Horretarako, goizeko 7:00etan joaten naiz akademiara, eta ispiluaren aurrean bueltaka hasten naiz inspirazioa etorri arte. Musikak aukeratzeko, ordea, laguntza izan ohi dut.
Gaia aukeratzeko orduan gauza asko izan behar dira kontuan, ezta?
Beti baditugu egokiak diren baina orain arte atera ez ditugun gaiak. Aurten, gure 30. Urteurrena zenez, gai jakinik gabe ateratzea pentsatu genuen, baina gero hori triste samarra izan zitekeela pentsatu genuen. Ikasturte amaierako emanaldi batean “The Greatest Showman” filma erabili genuen eta musika oso ona denez, uste dut oso lan basatia prestatu dugula aurten azkenean.
Zuen kasuan, dantza akademia izanik, dantza oso elementu garrantzitsua izango da.
Bai, noski. Inauterietarako, aurrerantz mugitzeko programak edo dantzak prestatu behar ditugu. Ez dugu eszenatokiko programarik prestatzen, ezinezkoa da inauteri batean, kalean, kaleko zapatekin goazelako, maila guztietako eskola elkarrekin doalako eta ezin dugu desfilea gelditu. Baina ateratzen duguna beti aretoko dantzak dira, hori baita klasean beti egiten duguna. Eskolan egiten dugun lana kalera ateratzea polita da, gainera jendeari gustatzen zaiolako. Beti dantzatu izan diren dantzak dira eta orain dantzatzeko modua bestelakoa da, modernoagoa.
Dantzatzen duzuen bitartean publikoaren babesa iristen zaizue?
Bai, nabaritzen da, eta batzuetan ez bakarrik txaloetan, jendea hotzagoa baita txalo egiteko, baina bai irribarrean. Dantzan goazela ikusten ditugun irribarre horiek erakusten digute egiten duguna atsegin duen publiko bat dugula, zale amorratuak dira eta.
“Nik uste dut gozatzen dugun guztiak eramaten gaituela urte batetik bestera errepikatzera, etenik gabe”
Mozorroak aukeratzeko zeri begiratzen diozue?
Bada, mozorroen kontu guztia Iñaki Cienfuegosek darama. Behin gaia aukeratuta, arropa fin eta dotorea bilatzen du, gu garen bezalakoa, eta beti saiatzen gara irizpide horri jarraitzen. Bera arduratzen da jantziak hautatzeaz, nahiz eta beti konponketa txiki batzuk egin behar ditugun. Ez da gauza bera jantzi bat dantzarako edo soilik mozorrotzeko erostea, mugimenduak asko baldintzatzen du. Eskolan jostun bat dugu eta bera arduratzen da behar dena mozteaz, sartzeaz eta kentzeaz.

Beraz, ahalegin handia eskatzen duen zerbait bada ere, merezi du.
Bai, asko gozatzen dugu. 30 urte daramatzagun honetan, gurekin urtero ateratzen den jendearen erantzunarekin geratzen naiz. Inauterietako asteburu osoa elkarrekin ematen dugu, dantza, hamaiketako, desfile, bazkari eta afari artean. Asteburu oso bat da eta uneoro elkarrekin gaude. Benetan izugarria da zeinen ondo pasatzen dugun. Nik uste dut gozatzen dugun guztiak eramaten gaituela urte batetik bestera errepikatzera, etenik gabe.
Bukatzeko, Carlos, zer eskatzen diezu aurtengo inauteriei?
Ba nik uste dut eguraldi ona izatea. Egia da eguraldia ere elementu garrantzitsua dela. Eguraldi ona egiten duenean jendea bakarrik animatzen da. Inauteri euritsuetan, berriz, jendea zaparradaren erdian balkoipetik ateratzeko animatu behar duzu. Datorrena datorrela, gureaz gozatzen jakin behar dugu, baina eguraldiak laguntzen bagaitu hobeto, grazia jada guk jartzen dugu eta.



