Bidasoaren ertzak begiratoki berria du

Irungo Udalak Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzeko azken aurrerapenen berri eman du. Zehazki, bi jarduketa horiek funtsezkoak izango dira, Azken Portu parean Juan Thalamas Labandibar kalean ibai-bazterra hobetzen segitzeko; alegia, Vertiz Ford zegoen eraikina eraistea eta ondoko partzelan begiratokia sortzea.

Begiratokiari dagokionez, uztailaren 4an, asteartean, irekita geratu da partzela antolatzeko lanak egin ondoren. Orain arte ez zen erabiltzen Azken Portu kiroldegitik Juan Thalamas Labandibar kaleko 55. zenbakira bitartean.

Cristina Laborda Obretako ordezkariak nabarmendu duenez, “Bidasoaren alde honetako ibaiertzean beste eremu berri bat dago, elkartzeko eta gozatzeko, ibai-bazter guztia hobetzen jarraitzeko. Behobiatik, oinezkoentzako pasealekua eta bidegorria eginez hasi ginen, eta Azken Portu aldera goaz begiratoki honekin. Gero, beste urrats batzuk egingo ditugu, hirian dugun ingurune paregabe honi balioa emateko”.

Partzela horretan erabili den irtenbidea egoteko leku bat sortzea izan da, Bidasoa aldeko begiratoki gisa, Azken Portu pasealekuarekin komunikatua, horrela espazio hori hiri-bilbean integratzeko eta, aldi berean, lekuaren estetika hobetzeko. Horretarako, 110,00 bat metro karratuko plataforma bat instalatu da, oholtza teknikoz osatuta. Azken Portuko ibilbidetik begiratokirako sarreraraino 35,00 m2-ko azalera izango du oinplantan.

Multzo osoa inguruko lursailean integratuta geratzen da, egungo sestrak ez aldatzeko. Bertan, hiri-altzariak jarriko dira, hala nola material birziklatuarekin egindako eserlekuak, etzaulkiak, informazio-panel bat, zakarrontziak eta bizikletak aparkatzekoa. Gainera, tratamendu bat emango zaio soropil bat sortzeko, eta heskaiak jarriko dira bi pantaila osatzeko, egonlekua eta Azken Portuko pasealekua bereizteko.

Proiektuak 78.733,04 euroko aurrekontua izan du, eta bi hilabeteko epean egikaritu dute. Enpresa esleipenduna 4 Badia Mantentze Zerbitzuak izan da. Aipatzekoa da jarduketa behin-behinekoa dela, Azken Portuko oinezkoen pasealekuaren eta bidegorriaren bigarren fasea gauzatu arte.

Eraikinaren eraisketa

Bestalde, asteak daramatzate Vertiz Ford zegoen eraikina barrualdetik eraisteko lanak egiten, kontzesionarioa hiriko beste leku batera aldatu baitzen, eta egun gutxi barru hasiko dira eraikina kanpoaldetik eraisten. Lanak egiteko epea lau hilabetekoa da; eta aurrekontua, 99.035,73 eurokoa, BEZa barne. Enpresa esleipenduna, Tximistxharri SL.

Estatuak konpromisoa hartu zuen Artiako ubidea birnaturalizatzeko lanak egiteko, eta lan horiekin batera, beste bi proiektu horiek Bidasoa ibaiaren alde honetako bazter hori lehengoratzen bukatzeko balioko dute. Aurretik urrats hori egin beharra dago, gero ingururako aurreikusita zeuden erabilerak gauzatzeko; alegia, batetik, oinezkoen ibilbideari eta Azken Portuko bidegorriari jarraipena emanda berdeguneak zabaldu eta, bestetik, geroago Azken Portu kiroldegia handitzeko proiektuari ekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude