Bidasoa Irunek uztailaren 26an ekingo dio denboraldiaurreari

Bidasoa Irunek uztailaren 26an hasiko du denboraldiaurrea. Abuztuaren amaierara edo irailaren hasierara arte luzatuko da prestaketa fasea, EHFk hurrengo EHF European Leagueko partehartzaileei buruz hartuko duen erabakiaren arabera.

Lehen egunerako deituta dauden jokalarien artean, fitxaketez gain (Esteban Salinas, Marko Jevtic, Alberto ‘Tito’ Díaz eta Jakub Sladkowski, azken hau bigarren talderako ere), azken denboraldian teknifikazio programan parte hartu duten hiru gazte ere deitu dituzte, hala nola, Javier Gastaminza, Endika Wamba eta Jon Ander Iribar. Lehen taldearekin entrenamenduak hasteaz gain, denboraldian zehar lehen taldearekin eta bigarren taldearekin, Lehen Mailako IlCapo Hondarribia Bidasoarekin, txandakatuko dute euren lana.

Denboraldiaurrea hasiera batean irailaren 9ko eta 10eko astebururako aurreikusita dagoen Ligaren hasierarekin amaituko litzateke. Lehen itzulia abenduaren 13ra arte luzatuko da, eta abenduaren 16an eta 17an Plenitude ASOBAL Kopa jokatuko da.

Errege Kopari dagokionez, Fase Nagusiak itxiko du denboraldia Estatuko txapelketei dagokienez (maiatzaren 31tik ekainaren 2ra), eta Bidasoa Irunek bere ibilbidea apirilaren 10ean hasiko du Hirugarren Kanporaketan, aurreko Ligako hirugarren eta zortzigarren postuen artean sailkatutakoak sartuko direnean.

Europako erabakiaren kontura, zeinaren ebazpena datorren astean jakin daitekeen, baiezkoa izanez gero, abuztuko azken asteburuan eta irailaren lehenean kanporaketa bat jokatzea ekar lezake, eta horrek denboraldiaurreak dituen prestaketa-norgehiagoka baldintzatuko ditu, hurrengo egunetan jakinaraziko direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude