FICOBAko erakustazokak gaur goizean Irungo Udaleko plantilla berritzeko oposizio lehenengo proba hartu du. Bertan 320 lagun aurkeztu dira egiteko. Guztira, 16 lanpostu eskaintzen dira, unibertsitateko titulua duten pertsonentzat, askotariko profil profesionalei dagozkienak, bai gizarte zientzietakoak eta zientzia juridikoetakoak, bai diziplina teknikoagoetakoak.
Deialdi hauek Udalak kalitatezko enplegu publikoaren alde egindako apustu irmoaren barruan kokatzen dira, eta administrazioarentzat estrategikoak diren lanpostu batzuk modu egonkorrean betetzea dute helburu. Pertsonak eta Zerbitzu Orokorrak zerbitzuko ordezkari Sergio Javier erakustazokara bertaratu da profesionalek deialdi honetan azaldu duten interesa bertatik bertara ezagutzeko, eta azpimarratu du “irmoa dela Irungo Udala kalitatezko enplegu publikoaren alde egiten ari den apustua, izan ere, administrazioko lanpostu jakin batzuk finkatuta, herritarren beharretara moldatutako zerbitzu bat eskaintzen jarraituko dugu erakunde gisa”.
Lehenengo proba honen bitartez, Udalak oposizio fase bat abiarazi du, aurreikuspenen arabera 2026ko uda partean amaituko dena. Azpimarratu behar da oposizio fasea gainditu eta deitutako lanposturen bat lortzen ez duten pertsonak Irungo Udalak datozen urteetan aldi baterako langile beharrak betetzeko erabiliko duen lan poltsan sartuko direla.
Era berean, jada onartu da 2025ko enplegu publikoaren eskaintza, eta askotariko profil profesionaletan banatutako 24 lanpostu esleituko dira guztira. Lanpostu horiek betetzeko deialdia datozen urteetan egingo da, eta bi lanpostu desgaitasuna duten pertsonentzat gordeko dira.
Deialdi horiez gain, eta giza baliabideen arloan indarrean dagoen plangintzarekin bat etorriz, 2026an zehar unibertsitateaz kanpoko profil profesionaleko hainbat lanpostu betetzeko deialdia egingo da, eta horien artean nabarmentzekoa da administrazio profileko 15 lanpostu inguru betetzeko deialdia.
Sergio Javierrek azaldu duenez, “Hiri gisa hazten jarraitu nahi dugu, eta gaur egindako urratsa lagungarria izango dugu ezarritako helburuak etorkizun hurbilean betetzen jarraitzeko eta, gainera, lanpostuak egonkortzen laguntzeko, Irunen lan egiten jarraitu nahi duten familientzat ondorio positiboak eraginez”, gaineratu du ordezkariak.
16 lanpostuen zerrenda
- Administrazio Orokorreko teknikarien 4 plaza.
- Kontu hartzailetza eta Kontabilitate teknikariaren postu bat
- Ekonomistaren postu bat.
- Esku hartze Komunitarioko arduradunaren postu bat.
- Prebentzioko eta Gizarteratzeko Teknikarien 2 postu.
- Itzultzaile/interpreteen 2 postu.
- Mantentze lanetako Buruaren postu bat.
- Euskaltegiko Zuzendariaren postu bat.
- Giza Baliabideen Teknikariaren postu bat.
- Laneko Arriskuak Prebenitzeko Koordinatzailearen postu bat.
- Erosketak eta Ekipamenduak Teknikariaren postu bat.
Oposizioak Ficoban
2020tik aurrera, Irungo Udalak oposizioak egin ditu Ficoban. Guztira 2.375 lagunek egin dituzte probak, eta, beraz, erakustazoka Udalaren hautaketa prozesuetarako ohiko egoitza gisa finkatu da.
Ficoba, beraz, funtsezko gune bihurtu da Irungo Udalaren oposizioetarako, benetako irisgarritasuna eta oztoporik gabekoa eskaintzen duen esparru, % 100 irisgarria baita, pertsonen fluxu naturala oztopatzen duten hesirik gabea, doako 800 aparkaleku dituena, Euskotrenen geltokia hurbil, eta horrek jendea masiboki bertaratzea ahalbidetzen du, kolapsorik eta gorabehera logistikorik gabe. Horri konfort maila handia gehitu behar zaio, bai izangaientzat, bai epaimahaikideentzat: eraikin argitsua eta girotua da, wifi irekia du, asistentziaren arabera komunen kopurua handitu daiteke eta teknikarientzako eta koordinatzaileentzako espazio bereiziak daude.



