Irungo Udalak egiturazko langileak indartzeaz gainera, hiru lanpostu berri sortu ditu

Joan den ostiralean, azaroaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, Irungo Udaleko aurrekontu-plantila eta lanpostu-zerrenda (LZ) aldatzea onetsi zen. Sergio Javier Langilego ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu, prentsaurrekoan, aldaketaren ezaugarri nagusiak.

Ordezkariak azpimarratu duenez, “espediente honekin, Irungo Udalak aurrerapauso bat egin du pertsonentzat pentsatutako hiri-eredu baterantz, bizi-kalitatea eta jasangarritasuna lehenetsiz bere politiken erdigunean, oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatze aldera. Egia da azken hamarkada 2008ko finantza-krisiak markatu duela hein handi batean, baina orain enplegu egonkorra finkatzeko aukera-leiho bat ireki zaigu”.

Onespen horren ondorioz, 2024-2027 urteetarako Irungo Udaleko enplegu publikoa antolatzeko planean jasotako konpromiso eta asmo asko gauzatuko dira. Egindako aldaketak, neurri handi batean, honako egoera hauetakoren baten ondoriozkoak dira:

  • Berriki hutsik geratu diren edo titularra erretirotik hurbil duten lanpostuak egokitu edo birsailkatu beharra, Irungo Udalak dituen behar berrietara eta garai berrien eskakizunetara egokitzeko. Askotan, lanpostuari profil teknikoagoa edo espezializatuagoa eman behar zaio, edo balioaniztasun handiagoa.
  • Lanpostu batzuk berradskribatu beharra, agintaldi honetarako Irungo Udalaren organigrama funtzional berria ezartzearen ondorioz. Horretarako, lanpostu jakin batzuk beste arlo edo departamentu batzuetara atxiki behar dira.
  • Koiunturako lanpostuak finkatu beharra; Izan ere, lanpostu horiek, hasieran aldi baterako programa bat gauzatzeko hornitu ondoren, egiturazkoak bihurtu dira, hausnarketa estrategikorako prozesua abian jarri ondoren lanpostu horiek behar direla ondorioztatu delako.

Onetsitako proposamenak izaera koiunturaleko 10 lanpostu baino gehiago finkatzea dakar eta, beraz, Irungo Udalaren egiturazko plantilla nabarmen indartzea hainbat eremutan, hala nola Gizarte Zerbitzuetan, berdintasunean, jasangarritasunean edo ekonomia-sustapenean. Gainera, beste hiru lanpostu gehigarri sortu dira.

Halaber, datozen hilabeteetan, herritarren segurtasunaren eta bizikidetzaren arloa berrantolatzeko prozesu bati ekitea aurreikusten da, Udaltzaingoa berrantolatzeko eta haren egitura indartzeko, 2024-2027 urteetarako Irungo Udaleko enplegu publikoa antolatzeko planean hartutako konpromisoarekin bat etorriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude