Irungo Udalak 472.677,42 euro bideratuko ditu enplegua sustatzeko. Gaur iragarri du albistea Nuria Alzaga Martinezek lehen alkateorde, Irungo Udaleko Sustapen Ekonomikoko ordezkari eta Bidasoa Bizirik plataformako presidenteak. Alzagarekin batera, laguntza hori jaso duten Uxue Zalbide eta Amalia Masri gazteek ere parte hartu dute prentsaurrekoan.
Zenbateko oso esanguratsua, enpleguaren aldeko bi lerro bultzatzen dituena: batetik, enplegua sustatzeko postuak, eta, bestetik, Irungo enpresentzako laguntza zuzenak, kontratazio berriak egin ditzaten. Bi lerro horiek Irun Ekintzan-en enplegua sustatzeko ekintzen esparruan daude, eta Irungo Udalak horietarako hautagaitza aurkeztu zuen, Lanbidek enplegua sustatzeko ekintzetarako laguntzen deialdian.
Alzagak adierazi duenez, Irungo Udalak kalitatezko enplegu berritzailea sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, profil kualifikatuen kontratazioa indartuz “Irunen talentua erakartzeko, fidelizatzeko eta garatzeko”.
Enplegua sustatzeko tokiko ekintzak
Lanbidek onartutako proposamena 472.677,42 eurokoa da. Zenbateko horretatik, 373.441,81 euro Irungo Udalak zuzenean kudeatutako kontratuetara bideratuko dira, eta 30 pertsona kontratatuko dira. Bestalde, Bidasoa Bizirikek 3 pertsona kontratatuko ditu, eta hirugarren sektoreko hainbat enpresak (laneratzeko enpresak) 5 pertsona kontratatu ahal izango dituzte.
Guztira, 38 kontratazio berri egingo dira, gehienak 6 hilabetekoak eta lanaldi osokoak, langabeen enplegagarritasuna handitzeko helburuarekin, aldi baterako lan-esperientzia bat emango baitzaie haien kualifikazioa eta gaitasun pertsonalak zein profesionalak indartzeko. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 31 baino lehen kontratatuko dituzte 38 pertsona horiek.
Hau da Irungo Udalak sortuko dituen lanpostuen zerrenda:
- 17 administrari laguntzaile, administrazio-, digitalizazio-, katalogazio- eta tramitazio-lanetan eta abarretan laguntzeko hainbat arlo eta zerbitzutan.
- Lau teknikari, Gizarte Zerbitzuetarako, eta Kulturarako eta Mugikortasunerako.
- 6 langile, Udaltzaingorako, Kulturarako eta Obra arlorako.
- Kapataz 1, bide publikoan lanak egiteko.
- 2 laguntzaile
Irungo enpresen kontratazioak
Bestalde, diru-laguntzaren bigarren lerroari dagokionez, 99.400 euro bideratuko dira, udalerriko enpresek kontratazioak egin ditzaten, ohi bezala. Ekimen horren bidez, kalkulatzen da gutxienez Irungo enpresen 11 kontratazio finantzatu ahal izango direla. Kontratazio horiek 3 edo 6 hilabetekoak izan daitezke.
Guztira, enplegua sustatzeko ekintza horien inpaktua 49 kontratazio eta 572.077,42 eurokoa izango da.
Gazte-enplegua
Aldi berean, gazteak kontratatzeko 2024ko deialdiaren laguntza-deialdiaren barruan, EAEko FSE Plus programaren esparruan, Lanbidek 107.454,43 euro eman dizkio Irungo Udalari beste hiru pertsona kontratatzeko, 12 hilabetez (2 erdi-mailako teknikari eta administrari bat). Kasu honetan, kontratazioak Lanbiden eta Gazte Bermearen Sisteman izena emanda dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako izan behar dira.
Horren harira, Alzagak bereziki nabarmendu du gazteen artean enplegua sustatzea: “Gure hiriak etorkizuna izango badu, gazteek beren proiektu profesionalak eta bizitza-proiektuak garatzeko aukera izan behar dute”.