Pikoketan fusilatutako pertsonak omenduko ditu Irungo Udalak igandean

Pikoketan fusilatutako pertsonak gogoratuko ditu Irungo Udalak igande honetan, abuztuaren 11n. Eguerdiko 12:00etan Blaiako hilerrian egingo den ekitaldi publiko batean, haien heriotzaren 88. Urteurrena gogoratuko dute.

Aintzatespen publikoa ekitaldi xume bat izango da. Omenduek atseden hartzen duten panteoiaren gainean lore-eskaintza egingo da. Ondoren, minutu bateko isilunea gordeko da, biktima guztien oroimenez.

Pikoketako fusilatuak

Duela 88 urte, Beorlegui koronelaren tropa kolpistek (Los Arcoseko azpizutabea) behintzat, 20 boluntario fusilatu zituzten gupidarik gabe.

1936ko abuztuaren 11n, asteartearekin, Irungo Gazte Komunisten garnizio txiki bat, zenbait karabinerorekin batera, Pikoketa baserriaren inguruan zegoen, arma laburrekin eta metrailadore batekin. Beorlegui koronelaren operazio-egunkariak honela jasotzen du egun hartan gertatutakoa:

Los Arcoseko zutabe partziala 0:30ean atera da Ergoienetik eta Oiartzundik Pikoketa aldera, nobedaderik gabe: etsaien posizio horretatik hurbil, egunsentian, fusileria eta metrailadoreen sua jaso zuen, eta horrek abangoardiako indarrak hedatzera behartu zituen, borrokatzeko eta maniobrak egiteko Pikoketa menderatu arte. Postua irabazita, bederatzi hildako eta zazpi gatibu gertatu ziren etsaien artean, eta armak, munizioak eta egoera ezin hobean zegoen Hotchkiss metrailadore bat harrapatu zitzaizkien. Gureek (kolpistek) metrailadore hori erabili zuten ihes egiten ari zen garnizioaren gainerakoei jazartzeko, eta beste bost hildako gertatu ziren beren armamentu eta guzti…”.

Jakina zen, Gipuzkoako Gerra Komisarioak 1936ko udan egin zituen hainbat txostenen arabera, kolpistek nekez hartzen zutela preso. Normalean, fusilatu egiten zituzten bertan, edo errenditu eta handik gutxira. Tropa kolpistek ustekabean harrapatu eta bertan fusilatu zituzten baserri inguruan zaintza-lanetan zeuden pertsonak: bederatzi gazte miliziano eta lau karabinero: Mertxe López Cotarelo (16 urte), Pilar Vallés Vicuña (18 urte), José María Arruti Idiakez (18 urtes), Víctor Genua Montiano (25 urte), Jesús López Casado (26 urte), Agapito Domínguez Taguada (23 urte), Bernardo Usabiaga Jáuregui (17 urte), Manuel Justo Alberdi (22 urte) eta Miguel Jacinto López Pascual (49 urte) izan ziren boluntarioak, eta karabineroak, berriz, Vicente Argote (46 urte), Agustín Miguel Bermejo (39 urte), Félix Luz Echeverría (27 urte) eta Ángel Braña López (27 urte).

Zerrenda horretara gehitu dira, halaber, Miguel Lorenzo Pascual (35 urte), 2022an identifikatua, eta “Chato” (25 urte), 2021eko abuztuan identifikatua. Bi izenak aurten grabatuta geratuko dira hilarrian.

Francoren diktaduran, ez zen haien gorpuen berririk izan, harik eta 1976an Marcelo Usabiaga, Bernardo Usabiaga fusilatuaren anaia, Pikoketan fusilatutakoen gorpuzkiak bilatzen eta berreskuratzen hasi zen arte.

Hobi komuna 1978an aurkitu zuten, eta urte bereko uztailean atera ziren hobitik Pikoketan fusilatutakoak. Urte horretan bertan, abuztuaren 2an, egin zieten lehen omenaldia Pikoketan fusilatutakoei. Harrezkero, urtero egiten dituzte omenaldiak (udan eta udazkenean), hilerrian nahiz Pikoketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude