Irunek Europako OCR Oztopo Lasterketen Txapelketa hartuko du datorren astean

Irun aire zabaleko kirolaren erakusleiho nagusi bihurtuko da datorren astean, maiatzaren 28tik 31ra, Europako OCR (Obstacle Course Race) Oztopo Lasterketen Txapelketa hartuko baitu. Bederatzigarren edizio hau Espainian antolatzen den lehen aldia izango da. Guztira 28 herrialdetako 2.573 kirolarik eman dute izena, eta lehiakide gehienak, 660 inguru (% 25), Espainiakoak izango dira.

Txapelketak eragin ekonomiko oso positiboa izango du eskualdean, atletekin batera laguntzaileak, teknikariak eta zaleak etorriko baitzaizkio tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreari. Gainera, hitzordua une erabakigarrian iritsi da, kirol hau diziplina ofiziala izango baita Los Angeleseko 2028ko Joko Olinpikoetan.

Lau egunez, hiriko bideak eta inguruko naturaguneak zirkuitu bisual eta gogorretan bilakatuko dira. Hauek dira proba nagusiak:

  • OCR100: San Jose Langilea futbol-zelaian jokatuko den formatu dinamikoa da. Lasterkariek 12 oztopo (hormak, uztaiak, oreka-bideak) gainditu beharko dituzte 100 metroko ibilbidean.
  • Short Course: 3,5 kilometroko errelebo-lasterketa herrikoia da, eta hiriaren erdiguneko gune historiko eta nagusietatik igaroko da. 900 lasterkari inguruk hartuko dute parte hamabiko taldetan.
  • Standard Course: Larunbatean, maiatzaren 30ean, jokatuko den lasterketa nagusia da. 13 kilometroko ibilbidean korrikaldiak eta oztopoak tartekatuko dira Olaberria, Ibarla, Irugurutzetako labeak edota Aitzondoko urjauzia bezalako parajeetan. Kirolariak espaloitik joango direnez, ez du trafikoan eragingo.
  • Fun Run: Elitekoak ez diren kirolari eta zaleentzat prestatutako lasterketa ludikoa da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, boluntarioak behar dira txapelketa modu egokian aurrera eramateko, eta interesatuek formulario baten bidez eman dezakete izena.

Egitarau ofizialari dagokionez, dortsalen banaketa eta entrenamendu libreak asteazkenean, maiatzaren 27an, hasiko dira. Ostegunean sailkapen probak abiatuko dira eta 18:30ean hasierako ekitaldi ofiziala egingo da. Ostiralean 3K lasterketa, Kids Run-a eta OCR100eko kanporaketak jokatuko dira. Larunbatean 12K lasterketa nagusia eta OCR100eko finalak egingo dira. Azkenik, igandean, maiatzaren 31n, Team Race (taldekako lasterketa), Fun Race-a eta sari-banaketarekin batera amaierako ekitaldia egindo da 14:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude