Irungo Udalak 2024ko Sanmartzial jaien balorazioa egin du gaur

Cristina Laborda Irungo alkateak, Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Sergio Javier Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, 2024ko San Pedro eta San Martzial jaien balantzea egiteko.

Alkateak azpimarratu duenez, “aurtengo sanmartzialen balorazioa, nola ez, oso positiboa da. Jaiak prestatzen hasi ginenean, 2023koak gainditzeko erronka jarri genuela azpimarratu nuen, eta emaitza ikusita, uste dut esan dezakegula: ‘Helburua bete dugu’. Giro eta errespetu onean bizi izan ditugu jaiak, eta saiatu gara, eta lortu dugu kaleak bizi-bizirik egon daitezen; izan ere,adin guztietako pertsonek euren lekua aurkitu dute jarduera-egitarau zabalaren barruan. Era berean, ezin dugu ahaztu erakunde eta elkarte askoren lanari esker posible izan dela hau guztia, baita irundarrei esker ere, denek lagundu baitute ekainerako antolatutako ekintza guztiak arrakastatsuak izan daitezen”.

“Gogora dezagun: hilabete oso bat iraun dute jai hauek, Irungo Udalak egindako apustu irmoaren ondorioz. Arrazoi askorengatik izan da horrela, baina baita Irun ekitaldi-hiri bihurtzeko markatu genuen ibilbide horretan tinko jarraitzen dugulako ere, eta egunotan ikusi ditugun irudiak ikusita, argi geratu da guztiz prestatuta gaudela. Jai hauek antolatzea urteko antolaketa-erronkarik handiena da; horregatik, arduraz eta errespetuz prestatu dira, eta herritarrek primeran erantzun dute, eta, zalantzarik gabe, maila eman dute”, gaineratu du alkateak.

Jarduera-programa arrakastaz gauzatu da ehun eta berrogeita hamar proposamenetan; horietatik, bakarra utzi behar izan da bertan behera eguraldi txarragatik. Kultura eta Kirol arloetatik nabarmendu dute parte-hartze handia izan dela ekimen guztietan. Adibidez, uztailaren 1eko Uranzuko pilota-partidarako 650 sarrera saldu ziren edota gazte-animazioak eta puzgarriek izan zuten harrera ona. Familientzako antzerki-emanaldiek iazko bertaratze-erregistroak izan zituzten, eta bakarrizketa jaialdia oso hitzordu jendetsua izan zen berriro ere: eguraldi txarra izan arren, 1.600 ikusle izan ziren.

Azpimarratzekoa da, beraz, egitaraua askotarikoa eta kalitatezkoa zela eta harrera ona izan duela. Aurten, 2023an baino jende gehiago bildu da kontzertuetan. Alde horretatik, aipagarria da festak ofizialki hasi aurreko asteburuan Camelak eskaini zuen emanaldia; izan ere, kalkulatzen da 15.500 lagun inguru bildu zirela San Juan plazan bi artista madrildarren kontzertuaz gozatzeko. Beste kontzertu batzuk ere, Puro Relajo edo Soto Asa adibidez, jendez beteta egon ziren, eta urtero bezala, etxekoek ere protagonistak izan ziren festetan, eta Udaletik beren ahalegina errekonozitu eta eskertu nahi da, beste behin talentu lokalak distira egin zuten hiriko eszenatoki ezberdinetan.

Egun horietan guztietan gauzek behar bezala funtzionatzen zutela egiaztatzeko eta gerta zitezkeen egoerak kudeatzeko zereginak errazteko, jaietan zehar Babes Zibileko Udal Plana aktibatuta egon zen, eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak indartu egin zuten elkarren arteko koordinazioa, egunez eguneko jarraipena eginez. Nabarmendu behar da dena gauzatu dela aurreikusten zen moduan; ez da aipatzeko gorabeherarik edo gorabehera deigarririk izan, jaietako jardueren barruan ohikoak direnez aparte. Era berean, balantze horretan gogora ekarri da aurten, iaz bezala, operatibo bat ezarri dela osasun-laguntzari dagokionez eta zerbitzu hori ere normaltasunez eman dela. Adibide gisa, igandean, ekainaren 30ean, 30 laguntza eman behar izan ziren, eta horietatik 12 eraman behar izan ziren Bidasoa Eskualdeko Ospitalera. Eroriak, zorabioak edo ondoezak izan ziren arreta emateko arrazoi nagusiak. Era berean, gehitu beharreko gertakari gisa eta jaiegunetan gertatzen den bezala, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ebasketengatik edo lapurretengatik jarritako salaketak kudeatu dituzte, gehienak objektu pertsonalak, hala nola diru-zorroa edo telefono mugikorrak.

Adikzioak prebenitzeko dispositiboari dagokionez, Gizarte Ongizateko arloak koordinatua, aipatu behar da behar bezala funtzionatu dutela prebentzioko alkoholemiek (guztira 256 izan ziren hilaren 22an) eta alkoholaren kontsumoaren arriskuen inguruan sentsibilizatzeko Botiltzarra programak ere harrera ona izan duela. Guztira, 316 lagunek parte hartu zuten ekimen horretan, eta kolaboratzeko jarrera ona erakutsi zuten gazteek. Era berean, Urdanibia plazako txosnetan prebentzio kartel bana banatu zen, eta hiriko ostalaritzako establezimenduei prestakuntza-ikastaroak eman zitzaizkien.

Jaien balantzean, indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta- eta akonpainamendu-zerbitzuaren jarduera (telefono morea) ere aipatu behar da. Ez da erregistratu arretarik behar zuen deirik. Berritasun gisa, aurten, Puntu Moreek lehen aldiz eskaini dute elkargune-zerbitzua, garraio publikoko geltokietara, auzoetara, etxeetara-eta joateko laguntza nahi luketen pertsonekin harremanetan jartzeko, joan-etorri horietan laguntzeko pertsona boluntarioekin. Hala ere, Puntu Moreetan ez da zerbitzuaren eskaerarik erregistratu.

Gainerako jarduerei buruz, aipatzekoa da materiala banatu zela hiriko 100 bat establezimendutan, bederatzi puntu more jarri zirela Irunen hainbat egunetan. Gune horietan interesdunei hainbat azalpen ematen zizkieten, hala nola zein jarduketa-neurri dauden indarkeria matxistari aurre egiteko, zertan datzan erakundeen arteko protokoloa eta harremanetarako zein kanal dauden edozein gorabehera gertatuz gero. Jai guztietan 1.467 lagunek jo zuten puntu horietara, eta ez zen jarduketarik egin beharrik izan.

Azkenik, Gazteria arlotik, aurten, batez ere bi gauza nabarmendu dituzte. Batetik, ekainaren 22an Urdanibian ZETAK taldeak emandako kontzertua (7.000 lagun inguru), eta, bestetik, ekainaren 25, 26 eta 27an Gaztegunea karpan gertatua; izan ere, 4.000 nerabe eta gazte baino gehiago bertaratu baitziren Santiagoko frontoira, espazio propio eta erreferente gisa. Programaturiko jarduera guztien artean, aipagarriak ziren Iruntxef lehenengo lehiaketa eta Oztopo Desafioa, parte-hartze handia izan baitzen, eta, horiez gain, Hofe 4×40, Txiltxoko eta Sara Socas taldeen kontzertuak eta Asier Burguete irundarrak gidatutako diskofesta ere aipatu behar dira, hilaren 25ean karpa bete baitzuen.

“Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei jarrera eredugarria izan dutelako, eta, halaber, udal langileei, Udaltzaingoari, Ertzaintzari, Babes Zibilari eta Txingudiko Mankomunitateari, sanmartzial hauek paregabeak izateko laguntza eman dutelako” gaineratu du alkateak, amaitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude