Uztailaren 1ean ohiko Pilota Jaialdia hartuko du Uranzu pilotalekuak

Gaur goizean Uranzu pilotalekuan emandako prentsaurreko batean, 2024ko San Pedro eta San Martzial jaien esparruan, Irungo Udaleko Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek jaietako esku pilota profesionaleko jaialdia aurkeztu du. Uztailaren 1ean izango da jaialdia, astelehenarekin, 18:00etatik aurrera, Uranzu pilotalekuan bertan. Agerraldian parte hartu du, halaber, Unai Iglesias Baiko enpresako gerenteak.

Ohikoa denez, lehenbizi, promozioko partida jokatuko da: aurten, Zubizarreta – Elizegi eta Senar – Morgaetxebarria bikoteak arituko dira.

Ordezkariaren hitzetan, «jaietako pilota emanaldia klasiko bat da dagoeneko, eta kartel txukuna osatu dugu, jendeak arratsalde ederra pasatu dezan Uranzu pilotalekuan, maila goreneko pilotariekin. Laso egungo aurrelari onenetako bat da, eta Mariezkurrena, atzelari seguruenetako bat».

Borja Olazabalek esan duenez, arratsaldeko partida gorenean Laso – Albisu eta Artola – Mariezkurrena arituko dira nor baino nor gehiago. Izan ere, Unai Laso Buruz Buruko Txapelketako finalista da pilotarietako bat, eta Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena Binakako Txapelketako ligaxkan aritu ziren, elkarrekin izan ez arren.

Jaialdia ikusi nahi dutenek webgune honetan eskuratu ditzakete sarrerak, baita Uranzu pilotalekuko txarteldegian ere, egunean bertan, ordubete lehenagotik, sarrerarik badago betiere, 25 euroan goiko harmailarako, erreboterako eta kantxaren goialderako eta 30 euroan kantxarako eta erdiko harmailarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude