Irunen pilotarekiko zaletasuna berreskuratzeko erronka hartu du Atxiki Pilota Elkarteak

Aspaldidanik ez zen sortu Irunen pilotan eskuz aritzeko talderik. Aurtengo otsailean aldiz, Atxiki Pilota Elkartea sortu zen. Udan zein pasa den hilabeteetan hainbat ekimen antolatu dituzte jada eta ikasturte honetarako pilota eskola izango dute. Ainhoa Morón eta Idoia Carrera elkarteko kideek eskualdeko biztanleei pilotan aritzeko aukera emateko antolatu duten eskaintzaz hitz egin dute.

Atxiki Pilota Elkartearen ibilbidea Irunen pilotarekiko zaletasuna berreskuratzeko asmoarekin hasi zela esan daiteke?

Ainhoa: Bai, hori da. Guk betidanik izan dugu kirol honekiko zaletasuna. Gainera, txikitan eta gaztetan pilotan ibilitakoak gara. Lehenago Irunen pilota eskola bazegoela ikusi genuen, baina hori desagertu ostean eta azkenaldian Irunen kirol honen inguruan mugimendu gutxi ikusten genuen.

Idoia: Otsailean hasi ginen eta egia esan, ez genekien nolako harrera izango zuen egitasmoak hirian. Proiektua hasi eta 20 bat haur batu ziren eskuz eta palaz pilotan aritzeko asmoarekin. Ikasturte berria irailean hasi dugu eta poliki-poliki aurrera goaz.

“Jokalariak talde baten parte sentitzea nahi dugu”

Ainhoa Morón, Atxiki Pilota Elkarteko kidea

Ez du erraza izan behar pilota eskola bat hutsetik hasteak. Nola moldatzen ari zarete jendea pilota eskolara erakartzeko?

Idoia: Nik uste horrelako kasuetan garrantzitsuena dela lehenik eta behin proiektua apur bat ezagutaraztea, horrela jendea egitasmoaren parte sentitu dadin. Egia da Irun iraganean pilota kultura handiko hiria izan dela, baina azken urteetan ez duela pilota eskolarik izan. Behar horri erantzun nahian hasi ginen pilota elkartea sortzen eta bitarte horretan jendea erakartzeko hainbat egitasmo antolatu ditugu.

Ainhoa: Hasieran udalekuak antolatzen hasi ginenean Irungo beste klubekin harremanetan jarri ginen. Ramuntxo klubetik eta Irungo Udaletik laguntza handia jaso dugu hasieratik eta, beraien babesa izan dugunez, errazagoa izan zaigu ibilbidearen hasiera. Ikasturte hasierak erakutsi digu zeintzuk diren bidean izan ditzakegun zailtasunak, izan ere, haur asko dagoeneko beste kirol batzuetan hasiak dira eta, beraz, zailagoa da beraiengana iristea. Hortaz, jendea erakartzeko gauzak antolatzen jarraitzen dugu.

Zer egitasmo antolatu dituzue orain arte kide kopurua handitzen saiatzeko?

Ainhoa: Pilota kirol indibiduala da, normalean banaka edo binaka jolasten delako. Hortaz,  uste genuen guretzat garrantzitsua izango zela  indibidualtasun horren barnean talde izaera ere sortzea. Jokalariak talde baten parte sentitzea nahi dugu. Hori sendotzeko Artikutzara irteera bat egin genuen eta kirolariez gain, beraien familiek ere parte hartu zuten bertan. Pixkanaka familia handi baten modura funtzionatu nahi dugu.

Idoia: Tribu txiki bat izan nahiko genuke. Pilotaren inguruan elkartzeaz gain, udaran ere Ola sagardotegiko Pilota Txapelketan parte hartu zuten gure eskolako haur batzuek. Beraz, txapelketa biltzeko aitzakia izan zen eta pilota eskola berria ezagutarazten lagundu zigun. Gure txikitasunean leiho moduko bat izan zen hura. Bestetik, Parean elkarteak antolatutako Igande Sasoi egitasmoan ere parte hartu genuen, batez ere, emakumeak kirolera hurbiltzeko eskaintza horren parte izan nahi genuelako. Bertan izan ginen gure eskolan emakume helduentzako taldea dugula aurkezteko. Talde hori ostegunetan elkartzen da Uranzu pilotalekuko frontoi txikian arratsaldeko 19:00etatik 21:00ak arte. Edozein mailako emakume jokalariak ongietorriak izango dira eta pozik hartuko ditugu.

Beraz, ikasturte berria martxan duzue dagoeneko. Zenbat kide eta talde dituzue?

Ainhoa: Oraintxe 12 edo 13 haur ditugu gure pilota eskolan. Dena den, haur horiek entrenamenduetara maiztasun handiarekin etortzea espero dugu, beraz, polita da kirolarekiko konpromiso hori hartzeko prest daudela ikustea. Egia da momentuz ditugun taldeak kopuru aldetik txikiak direla eta gustatuko litzaigukeela talde horiek handitzen joatea. Entrenamenduak astelehen eta ostegunetan egiten dira. Astelehenetako entrenamenduak frontoi handian egiten dira eta ostegunekoak, berriz, frontoi txikian. Eskolan 8 eta 14 urte arteko haurrak hartzen ditugu. Beraz, norbaitek pilotan hasteko interesa badu, gurekin harremanetan jar dadila.

Zer egin behar dute izena emateko interesa dutenek?

Idoia: Izen ematea egin ahal izateko hainbat bide daude. Batetik, astelehen edo ostegun arratsalde batez Uranzu pilotalekura hurbildu eta gurekin hitz egiteko aukera dute. Bestetik, pilota elkarteak www.atxiki.eus webgunea du eta sare sozialetan ere bagaude. Bide horiek erabiliz ere izango dute gurekin harremanetan jartzeko aukera.

“Egia da Irun iraganean pilota kultura handiko hiria izan dela, baina azken urteetan ez duela pilota eskolarik izan”

Idoia Carrera, Atxiki Pilota Elkarteko kidea

Duela gutxi Iker Amiano pilotaria zuen entrenatzaileetako bat izango dela jakin dugu. Horrelako erreferenteak izatea garrantzitsua da haurrentzat?

Ainhoa: Bai, nik uste erreferenteak izatea oso garrantzitsua dela. Pertsonalki nik nire garaian faltan bota nuen zerbait izan zen. Gainera, garrantzitsua da erreferente horiek hurbilekoak izatea, hau da, gertuko jendea izatea. Telebistan euskal pilotan erreferenteak izan daitezkeen pertsona asko ikus ditzakegu, bereziki gizonezkoen kasuan, baina gertuko norbaiten adibidea ikustea ere beharrezkoa da. Harreman horrek jokalariei eroso eta lasai sentiarazten lagunduko dielakoan gaude, disfrutatzea baita inportanteena.

Zeharka aipatu dugun arren, azpimarratzekoa da zuen pilota eskolan hasteko ez dela inolako mailarik eskatzen, ezta?

Idoia: Gure klubera batzeko gogoa izatea da bete beharreko baldintza bakarra. Jendea gogoz eta gozatzeko prest etortzea da eskatzen dugun gauza bakarra.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude