2024-2027 aldirako gobernu-programa onetsi dute gaur goizean

Gaur goizeko tokiko gobernu-batzordearen bilkuran 2024-2027 aldirako gobernu-programa onetsi dute. Gainera, bozeramaileen batzar bat ere egin da, Udaleko gainerako taldeei programaren onespenaren berri emateko.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «alkatea naizenetik, oso presente izan dut funtsezko agintaldia dela hau. Irunek aurrera egiten du baikortasunez, eta hirian proiektu eraldatzaile handi batzuk ditugu, herritarrei onura oso positiboak ekarriko dizkietenak. Horixe da gure bideorria, eta orain gobernu-programa batean jaso dugu, gardentasunez eta eraginkortasunez jokatzeko».

Programak Irungo Sozialistek 2023ko udal-hauteskundeak irabazteko aurkeztu zituzten konpromisoak islatzen ditu, eta erantzuna eta konponbidea eman nahi die egungo erronkei etorkizuneko Irunen oinarriak ezartzearekin batera, parte-hartzea, gardentasuna eta akordio zabalak bilatuta.

Bost ardatz handiren inguruan antolatu dira programaren ekintzak:

  • Eraldatzen ari den hiria: proiektu handiak, hiri erreferentea, segurua, aktiboa eta bizia izaten jarraitzeko.
  • Guztiontzako hiria: gizarte-kohesioko inbertsioak aukera-berdintasuna bermatzeko.
  • Irun, hiri arduratsu, eraginkor eta jasangarriaren eredu.
  • Herritarrei bizitzeko eta lanerako aukerak ematen dizkien hiria.
  • Irun eta auzoak: hiri plurala, askotarikoa, parte-hartzailea, bizitzaz eta jardueraz betea.

Gainera, azken udal-hauteskundeetatik urtebete baino gehiago joan denez, dagoeneko abian diren zenbait proiektu ere bildu ditu programak. Horien artean, aipagarriak dira, besteak beste, berriki sinatutako trenbide-integrazioaren protokoloa, Irun eremu tentsionatu izendatzeko eskaria, San Migel-Anakako planaren behin betiko onespena, hiri-mugikortasun jasangarriko bigarren plana (HMJP) onetsi izana edota hiriko zenbait auzotan dagoeneko abian diren obra eraldatzaileak Belartzakoen hasierarekin edota Poxpologileko amaierarekin, hain zuzen.

Dokumentu hau udal-akzioaren oinarria da, eta halaber zuzendaritza batzordearen funtsezko erreminta.

Gobernu-talde berria

Gobernu-taldea handitu egingo da, kide gehiago bilduta. «Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen dituzte komunean oso garrantzitsua den zerbait izanda: Irunen alde ekiteko eta hiria aurrerantz eramateko borondatea». Hala nola, kideen alkateordetzak eta esleipenak hurrengoak dira:

Nuria Alzaga, Lehenengo Alkateordea:

  • Ogasuna.
  • Hiri Sustapena eta Ekonomia Sustapena.
  • Kultura.
  • Berdintasuna.

Borja Olazabal, Bigarren Alkateordea:

  • Hiri Garapena.
  • Kirolak.

Sergio Javier, Hirugarren Alkateordea:

  • Mugikortasun eta Garapen Jasangarria.
  • Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza.
  • Pertsonak eta Zerbitzu Orokorrak.

Jon Ugarte, Laugarren Alkateordea:

  • Obrak, Mantentzea eta Azpiegiturak.
  • Euskara.
  • Diziplina Urbanistikoa eta Etxebizitza.

Sandra Caballero, Bosgarren Alkateordea:

  • Gizarte Ongizatea.
  • Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta.

Monica Martinez, Seigarren Alkateordea:

  • Herritarren Partaidetza.

Sandra Castelo, Zazpigarren Alkateordea:

  • Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Garapenerako Lankidetza.
  • Gazteria.
  • Hezkuntza.
  • Kontsumoa.

Horrez gainera, programa onetsita eta 2025ean sartu bezain laster, bilerak egingo dira hiriko eragileekin, dokumentua gizarteratzeko eta Irunek aurrean dituen proiektu estrategiko handiei buruz hitz egiteko.

«Guretzat, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea sustatzea eta esaten digutena aktiboki entzuten jarraitzea hiria eraikitzeko orduan. Herritarrek berek adierazten dizkigute sarritan Irun hobetzen jarraitzeko gakoak. Hori da gure egitekoa, eta haiekin batera lan egiten jarraitu nahi dugu begien bistan dugun etapa esperantzagarrian», gaineratu du Labordak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude