Gaur, abenduaren 4an, Gabonetako argiak piztuko dira Irunen. Horretarako, arratsalde osoan zehar, Eguberrietako argiak pizteko ekitaldiarekin loturiko ekintzak egingo dira hiriaren erdigunean. Cristina Laborda Irungo alkatea eta El Pilar ikastetxeko ikasleak arduratuko dira hiri osoko argi eta apaingarriak pizteko botoia sakatzeaz.
Ekitaldiaren aurretik, familiek hamaika proposamen izango dituzte aukeran. Arratsaldeko 17:30etik aurrera Pablo Méndez Performances konpainiaren kalejirak hiriko kaleak zeharkatuko ditu. Kalejira Almudena Grandes plazatxotik abiatuko da, eta, Luis Mariano eta Colón ibilbidean barrena ibiliko da, San Juan plazara itzuli arte.
Ondoren, argiak pizteko ekitaldiaren atariko gisa, Udal Kontserbatorioko haurren abesbatzak Gabon kanta herrikoien kontzertu bat emango du, 18:30ean. Aurten, gainera, nobedade bat izango da: “Hator, hator Irunera” gabon kantaren proiekzioa, IGA Abesbatzaren eta Luis Mariano orkestrako haize laukotearen eskutik.
Azkenik, eguberrietako argiak pizteko ekitaldia hasiko da, 19:00etan gutxi gorabehera. Mateo Vergarak aurkeztuko du. Bertan Cristina Laborda alkateak eta El Pilar ikastetxeko ikasleek eguberrietako argiak pizteko botoia sakatuko dute.
Eguberriak, Giselaren erritmoan
Argiak pizteko ekitaldiaren ostean, Giselak Irun Hiria Musika Bandarekin kontzertua emango du. Aurreikuspenen arabera, 19:30ean hasiko da kontzertua, San Juan plazan bertan.
Eguberri distiratsuak
Eguberrietako magiak hiri osoko kale, plaza eta biribilguneak beteko ditu: 300 motibo, hiru dimentsioko irudien zazpi diseinu eta 15 metroko zuhaitz bat jarriko dira, baita apaingarri berriak Colón ibilbidean. Gainera, Sarjia parkean, tirolinaz, patinatzeko pistaz eta haurrentzako ludotekaz gain, argigune berri bat instalatuko da, Zabaltza plazako, Anzarango eta Pio XII.a plazakoen ildotik.
Aurreko urteetako dinamikari jarraituz, LED argiei esker, efizientzia energetikoa sustatuko da, eta elektrizitate gutxiago kontsumituko, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu baita mikrobonbilletarako, argi harietarako, lanparetarako…
Erdialdeko kaleetan, Eguberrietako argiak urtarrilaren 6ra arte egongo dira piztuta, egunero, 17:30etik 02:00etara, eta, auzoetan, 23:00etara. Gabon gauean eta Gabon zaharrean, berriz, 17:30etik 08:00etara bitartean egongo dira piztuta.
Ekitaldi irisgarria
San Pedro eta San Martzialeko Jaien haria jarraituz, San Juan plazan altzari bat ezarriko da mugikortasun murritzeko pertsonek ekitaldi osoaz gozatu dezaten. Ordu eta erdi lehenago sartu ahal izango da altzari honetara, pertsona laguntzaile batekin mugikortasun murritzeko pertsona bakoitzarengatik. Eserlekuak egongo dira behar dituenarentzat eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.