Irun Zuzenean Zikloaren bederatzigarren edizioak amaiera emango dio aurtengo programazioari larunbat honetan, urriak 31, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Urrian zehar bost asteburuz hainbat musika-estilo, artista eta espazio uztartu dituen ekimenak indie doinuak, musika elektronikoa eta soinu-esperimentazioa bilduko ditu azken jardunaldi honetan, gaueko 21:00etatik aurrera. Irun Rock jaialditik sortutako egitasmoak Bidasoaldeko erreferente musikal gisa sendotzen jarraitzen du, ibilbide luzeko taldeak eta sortzaile berriak oholtza berean elkartuz.
Emanaldiari hasiera emateko, Garazi Esnaola igoko da agertokira, pop alternatiboa, indiea eta elektronika batzen dituen proposamen berritzailearekin, euskal emakume musikarien belaunaldi berriaren erakusgarri. Haren ondotik, Amaia Mirandak borobilduko du zikloa; haren musikak folk garaikidearen, giro-musikaren eta soinu esperimentalaren mugak arakatzen ditu, poparen egitura tradizionaletatik urrunduz eta entzuleari esperientzia murgiltzaile bat eskainiz. Gainera, areto nagusitik haratago, musikak CBAko IrekiART eremua ere hartuko du: bertan Zeatikez DJs talde donostiar gazteak jarriko ditu erritmoak bere pop melodiko freskoarekin, zentroko hainbat txoko lotuz eta esperientzia osatuz.
Sarrerak salgai
Irun Zuzenean aretoko azken kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude dagoeneko Irungo Udalaren webgunearen bidez. Txartel orokorrak 10 euroko prezioa du, eta tarifa hobariduna, berriz, 7 euroan eskura daiteke.



