Cristina Laborda Irungo alkateak, Gorka Álvarez Obra, Mantentze eta Azpiegituren ordezkariak eta Sergio Javier Hiri Garapeneko ordezkariak Belartzako aparkalekuko lanak bisitatu dituzte gaur asteartean, proiektua bere azken fasean sartu dela egiaztatzeko. Horrela, lanen arduradunek gaur azaldu dutenez, eraikuntza lanak azaroan amaitzea aurreikusten dute, hasieran markatutako epeak betez. Duela bi urte hasitako azpiegitura-lanak amaitzear daude; egitura guztiz amaituta dago eta une honetan barne-instalazioak zein goiko azaleraren urbanizazioa burutzen ari dira langileak.
Lanak U.T.E. Parking Belartza enpresari esleitu zitzaizkion (Construcciones Mariezkurrena, Zubieder eta Urbycolan), ia sei milioi euroko aurrekontuarekin, Artia auzoan urte luzez egon den aparkaleku-eskariari eta espazio publikoen beharrei erantzuna emateko.
Alkateak azpimarratu duenez, jarduketak Artia auzoko egunerokotasuna eraldatuko du: “Premia handia duen lurrazpiko aparkaleku batez baino askoz gehiago ari gara hitz egiten; elkargune eta bizikidetzarako espazio berri bat sortzen ari gara adinekoentzat, gazteentzat eta familientzat. Belartza Artiaren bihotz berria izatera deitua dago”. Bestalde, Gorka Alvarezek nabarmendu duenez, “lanak aurreikusitako epeen arabera egin dira, kontatutan hartuta hiriko eremu berri hau magal batean kokatuta dagoela eta horrek eraikitze lanei konplexutasun gehigarria eman diela”.
Aparkalekuaren antolaketa
Proiektuak hiru solairuko aparkaleku estalia hartzen du barne —bi lurpean eta hirugarrena Belartzako hegaleko maldaren erdialdean—, eta guztira 169 aparkaleku-toki sortuko ditu (-2 solairuan 69 toki, -1 solairuan 67 eta sarbidekoan 33). Horrez gain, motorrentzako zortzi toki, bizikletak gordetzeko bi gela eta mantentze-lanetarako eremuak prestatu dira. Ibilgailuen sarbidea Berroeta Margolaria kaletik egingo da eta irteera Zurbaran kaletik, zirkulazio eraginkorra bermatzeko noranzko bakarreko bideekin. Oinezkoen irisgarritasunari dagokionez, aparkalekuaren mailak eta goiko plaza publikoa lotzen dituen igogailua eta eskailerak jarri dira.
Auzoarentzako plaza berria
Gainazaleko urbanizazioak, bestalde, Belartzako mendi-hegal berdea luzatuko du, auzoko komunitateari kalitatezko aisialdi- eta kirol-eremu berria eskainiz. Mailakatutako gune horretan kalisteniako zirkuitua, kirol anitzeko pista, haurrentzako parkea, mahai-teniseko guneak eta ariketa bioosasungarrirako zirkuitua egokituko dira.
Jose Barreiro, Artiako bizilagunen elkarteko lehendakariak Belartzako aparkalekua eraikitzeko lanen amaiera ospatu du, kontutan izanik, Artia Irunen TAO egoiliar txartel gehien eskatu diren auzoa dela. Era berean, auzoa osatzen duten etxebizitza eraikin altuen artean bizilagunak elkartu ahal izateko espazio zabal berri bat sortzearekin pozik agertu da. Dena den, aparkalekuaren gainean kokatuko den parkearen alboan jarrtiako pergolaz gain, itzal gehiago emango luketen elementuen edo estalkiaren falta nabaritu du. Auzoko lehendakariaren hitzetan, “egun euritsu eta eguzkitsuetan ere parkea familientzat erabilgarri egon dadin”.



