Zer ospatzen zuten erromatarrek abenduaren 25ean?

Saturnalia Antoine Callet (1741- 1823). https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Saturnalia#/media/File:Saturnalia_by_Antoine_Callet.jpg

Abenduaren 25a urteko egunik laburrena da, neguaren hasiera. Garai zaharrenetan ez zen data bereziki garrantzitsua erromatarrentzat. Abenduko ospakizun nagusia, Saturnalia, zenbait egun lehenago ospatzen zen, eta jai hartan erromatarrek ezin hobeto pasatzen zuten. Saturno jainkoari eskainitako egun hauetan erromatarrek bizitza hankaz gora jartzen zuten: egunak jai giroan pasatzen zituzten, libre zein esklabuek parte hartzen zuten oturuntzetan, eta elkarri opariak ematen zizkioten. Urteko momentu berezia zen, udaran eta udazkenean lurraren zaintzak eskatzen zituen lan guztiak burutu ostean, deskantsu eta poztasunerako abagunea.

Saturnaliak mende askotan zehar mantendu ziren, baina K.o. III. mendean, krisi larri batean murgilduta zirela, erromatarrek Inperioko ekialdean ohikoa zen beste ospakizun bat berenganatu zuten: natalis solis invicti edo eguzki gaindiezinaren jaiotza. Jainko berri honek hil ostean berpizteko esperantza zekarren haren jarraitzaileentzat, eta honen ospakizunerako aukeratutako data, hain zuzen ere, abenduaren 25a izan zen. Urteko egunik laburrena izanik eguzkia egun horretan jaioberri zela ulertzen zuten, eta handik aurrera, egunez egun, gero hazten zela, udako ekinokziora iritsi arte. Jainko honen gurtzak ere ospakizun publikoak zekartzan, erromatarrek sakrifizio, oturuntza eta joko publikoetan parte hartzen zuten. Alabaina, hurrenez hurren bi jai garrantzitsu izatea ez zen batere praktikoa, eta azkenean bi jaiak elkartu ziren, Saturnalien ospakizuna pittin bat atzeratuz abenduaren 25arekin bat egiteko.

Ospakizun honek fama handia hartu zuen garai berean Erromako kristau komunitatea ere sendotuz zihoan. Hasiera batean oso talde txikia baziren ere, urteen poderioz gero eta jarraitzaile gehiago lortu zituzten eta haien boterea ere handituz zihoan. Hain zuzen ere, Sol Invicto jainkoaren gurtza hedatu ostean, K.o. 312. urtean, Konstantino enperadoreak Kristautasuna ofizializatu eta sinesmen honen jarraitzaileen kontrako jazarpenak behin-betiko amaitzeko agindua eman zuen. Geroxeago, K.o. 391n, Kristautasuna bilakatu zen Inperioko kultu nagusia, eta gainontzeko guztiak debekatu zituzten. Zenbait hamarkadatan talka gogorrak izan ziren kristau eta paganoen artean, baina denborarekin erromatar gizarteko biztanle gehienek gurtza berria onartu zuten.

Hala ere, mende askotako ohiturak ez dira erraz ahazten. Erromatar askok, ofizialki erlijioz aldatu izan arren, beren arbasoen ospakizunak mantentzen zituzten. Ondorioz, guztiak zigortzea ezinezkoa zenez, apaiz kristauek lehengo ohitura haiek erlijio berriarekin bat egitea erabaki zuten. Sol Invicto jainkoak ere hil osteko bizitzaren esperantza zekarrenez, abenduaren 25a Jesus haurraren jaioteguna ospatzeko data bilakatu zuten. Garai bateko Saturnalia eta natalis solis invicti ospakizunetako hainbat ohitura abenduaren 25aren inguruan antolatu zituzten, kutsu kristau bat emanez, eta horrela, jatorri erromatarra zeukaten ohitura hauek kultu berrian barneratu ziren ospakizun berri bat sortuz: Gabonak!

Oiasso Museoan Gabonetako oporrak ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditugu: nagusi eta umeentzako antzerki tailerrak, umeentzako ekintzak (arkeolab, mosaikoak, kasko erromatarrak), oiassortu, etab. Begiratu Museoko webgunean (www.oiasso.com) honi buruzko datuak eta etorri jai hauek gurekin ospatzera!

Leire Lizarzategui

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude