Bidasoa Irun EHF European Leagueko hurrengo fasera pasa da

Argazkia: Artur Starczewski (KGHM Chrobry Glogow).

Bidasoa Irun EHF European Leagueko hurrengo fasea jokatzeko sailkatu da, Polonian KGHM Chrobry Glogow aise gainditu ondoren (28-37). Bidasotarrek multzoko lehen postua eta bi puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan datorren asteartean 20:45ean Ystads IF HF taldearen aurka Artalekun. Gogoratu behar da hurrengo fasera Multzoen Fase honetan lortutako puntuekin igaroko direla taldeak.

Gaur urdinez jantzi duen taldeak, Skrzyniarz bere jaioterrian jokatu duena atepean erakustaldia emanez, hasieratik hautsi du norgehiagoka, defentsan zein erasoan izandako lehia serioari esker. Irundarrek ez diote etxeko taldeari partidan sartzen utzi eta aldeak apurka-apurka irekitzen joan dira, Bidasoa Irunen aldeko zortzira iritsi arte (9-17, 28. min). Atsedenaldiko markagailua 10-17koa izan da. Bigarren zatian, partida erabakita zegoela, Álex Mozasen taldeak hamaika tantoko errenta izan du (11-22, 37. Min), baina azkenean 28-35eko emaitzarekin amaitu da lehia. Gainera, Gastaminza irundarrak Europako txapelketan debuta egin du, eta hiru tanto egin ditu.

Partida honen ostean, Bidasoa Irunek beste partida bat jokatuko du aste honetan, oraingoan Plenitude Ligan. Álex Mozasen mutilek Fraikin BM Granollersi egingo diote bisita datorren larunbatean, azaroak 23, 19:00etan, ASOBALeko bi talde historikoen arteko lehia interesgarri batean. Artalekuko hurrengo norgehiagoka astebete barru izango da eta horrek EHF European Leagueko Multzoen Fasea itxiko du Ystads IF HF taldearen aurka (azaroaren 26an, asteartea, 20:45ean). CD Bidasoak Artaleku betetzeko sarreren promozio berezia jarri du salgai. Informazio guztia, hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude