Udal Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan. Langabezian daudenentzat edo %50 arteko lanaldia dutenentzat LANNAHI programa eskainiko du. Dena den, Irungo Udaletik jakinarazi dutenez, Euskaltegian egiten ari diren konponketa lanak direla eta, igogailua ez da erabilgarri egongo udan.
Uztaileko ikastaro trinkoa hil horren 2an hasi eta 30ean bukatuko da eta 9:00etatik 13:15era arteko ordutegia izango du. Abuztukoa, hilaren 1ean hasi eta 30ean bukatuko da ordutegi berarekin. Ikastaro trinko hauen prezioa 69,40 eurokoa da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek udalak euskara ikasteko ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.
Ikastaro trinkoetan interesa duten pertsonek maiatzaren 27tik ekainaren 6ra eman beharko dute izena. Izen emateko Udal euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu beharko dira interesatuak hurrengo ordutegian: goizez, 10:30etatik 13:30ak bitarte edo arratsaldez, 16:30etatik, 19:00ak bitarte. Izena emandakoek mailaketa proba egin behar dute Udal Euskaltegian maiatzaren 27tik ekainaren 6ra.
LANNAHI
Udalak, gainera, ikastaro trinko hauen data eta ordutegi berean doako ikastaroak eskaintzen dizkie langabezian dauden edo %50 arteko lanaldia duten ikasleei LANNAHI programaren bitartez. Interesatuek maiatzaren 27tik ekainaren 6ra egin beharko dute izenematea SAC24h zerbitzuaren bitartez IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabiliz (NA elektronikoa, IZENPE txartela..) edo HAZ-SACeko autozerbitzu terminalak erabiliz.