Irungo Udalak jakinarazi du aste honetan abian jarri direla Ikust Alaiaren bigarren faseko lanak. 2019 eta 2020 artean gauzatutako proiektuaren jarraipena da honako hau. Orduan, eraikinaren egitura, estalkia eta fatxadak birgaitu ziren, eta komunikazio-modulu berri bat sortu, eskailera batek eta igogailuarentzako espazio batek osatua. Esku-hartze hark 993.059,05 euroko aurrekontua izan zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen % 50 inguru.
Cristina Laborda Obretako ordezkaria azaldu duenez, «orain martxa jarri diren lanetan, espazioen barrualdeak txukunduko dira, etorkizunean hemen hiriaren museoa instalatu ahal izateko. Fase honekin, Irungo eraikin enblematikoenetako baten berritze integrala osatuko dugu».
Bigarren fase honetan, etorkizuneko museoaren barneko espazio guztiak gaituko dira. Hau da, beharrezko instalazio guztiak jarriko dira (klimatizazioa, aireztapena, suteak hautemateko eta itzaltzeko gailuak, elektrizitatea, argiak, ahotsa eta datuak, etab.) eta beharrezko elementu guztiak instalatuko dira: lurzoruak, sabaiak, konpartimentuak, komunak, etab. Gainera, komunikazio-moduluaren eta igogailuaren fatxada berriak egingo dira.
Esku-hartzeari buru emateko, eraikinaren kanpoko urbanizazioa egokitu eta bukatuko da (zoladurak, euri-urak jasotzeko hoditeria eta argiztapena). Jarduketa honek 1.750.677,28 euroko aurrekontua du, eta exekuzio-epea 12 hilabetekoa da. Obras Especiales de Edificación e Infraestructuras SAU da enpresa esleipenduna.
Etorkizuneko proiektua
Eraikina atontzeko lanekin batera, gogoan izan behar da Kultura arloa proiektu museologiko bat prestatzen ari dela, instalazioa edukiz hornitzeko. Ekimen hori gobernu-programaren ondoriozkoa da, eta Luis Marianoren figuraren balioa ezagutzera ematea du helburuen artean. Ez da xede bakarra izango, ordea: prisma horren bidez, Irungo historia guztia berrikustea da asmoa. Gaur egun, museoa ezartzeko plana lantzen ari dira, bertan erakuts daitezkeen elementuak kudeatzen eta hautatzen.