2020an Inauteriak ohikotasunez ospatu ziren Covid-19aren pandemiak Irun zein mundu osoa hankaz gora ipini aurretik. 2021ean, ordea, pandemiaren egoerak ez zuen inaute ospakizunetarako aukerarik utzi eta ohiko ekintza guztiak bertan behera gelditu ziren. 2022an, berriz, Irungo Inauterietako jarduera gehienak kalera itzuliko dira, murriztapenak gorabehera.
Gauzak horrela, aurten Irungo Udalaren asmoa izan da Inauterietako egitarauaren barneko ekintza gehienak berreskuratzea, betiere pandemia egoera kontutan hartuta eta, beharrezkoa izan denean, ekimenak egoerara egokituta. Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak adierazi duenez, Eguberrietan Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoekin gertatu bezala, Inauteriak ahalik eta gehien egokitu dira. Kultura ordezkariaren hitzetan, “egoerak eskatzen dituen arretaz eta zuhurtasunez jokatuko dugu, baina, aldi berean, ilusioa eta itxaropena transmititu nahi ditugu gerora begira”.
Horrela, 2022ko Irungo Inauteriak prestatzeko Irungo Udaleko Kultura arloa ekintzak antolatu ohi dituzten konpartsa eta elkarteekin bildu da, elkarrekin jarduerak egungo egoerara egokitzeko modua bilatzeko. Izan ere, Irungo Udalaren nahian irundarrek gogoan dituzten inauteriak lehenbailehen itzultzea da. Era berean, Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak inauterien antolakuntzan parte hartzen duten konpartsa eta elkarte guztien jarrera eskertu du, egoera ulertzeko eta murriztapenetara egokitzeko erakutsi duten prestutasunarengatik. “Badakigu ez dela erraza horrelako zerbait prestatzea testuinguru honetan, eta horregatik balio handiagoa du Irungo inauteriengatik egiten duten lanak” gaineratu du Juncal Eizaguirrek.
Inauterien programan hainbat moldaketa egin dira, kontrolik gabeko jende pilaketak saihesteko. Horrela, Kaldereroen Konpartsaren San Juan plazako antzerkia kendu da, Zabaltza plazan ez da Diskofestarik egingo eta Zabaltza plazatik San Juan plazara zihoan Sardinaren Ehorzketaren desfilea bertan behera gelditu da. Era berean, jarduketa protokolo bat idatzi da, erakunde antolatzaileek Inauterietako programako jarduera guztietan beteko dutena.
Otsailak 19, Kaldereroen Konpartsa
Urtero moduan Kaldereroak izango dira Irungo inauterien barnean antolatuko den lehen ekintza. Inauteri aurreko larunbateko 19:00etan Kaldereroen Konpartsa Alberto Anguera plazatik irtengo da, Irungo Atsegiña elkarteak antolatuta. Kaldereroen Konpartsak Irungo kale hauek zeharkatuko ditu: Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre, Geltoki, Colón Ibilbidea, Foru Karrika eta Kale Nagusia, San Juan plazara iritsi aurretik.
Otsailak 20, Inudeen eta Artzainen Konpartsa
Inauterien aurreko igandean, berriz, Eraiki dantza taldeak Inudeen eta Artzainen konpartsa Irungo kaleetara aterako du. Gainera, aurten 25 urte betetzen dira Eraiki dantza taldea Irunen Inudeen eta Artzainen konpartsa antolatzen hasi zenetik. Konpartsa eguerdiko 12:10etan irtengo da Santiago karrikatik, Eskola eta Eliza kaleetatik igo ostean, San Juan plazan atseden txiki bat egiteko. Jarraian, Kale Nagusitik, Foru karrikatik eta Colón ibilbidetik ibili eta gero Zabaltza plazan Musikako Udal Kontserbatorioaren Musika Bandaren laguntzarekin dantza emanaldia eskainiko da. Azkenik, Inudeen eta Artzainen konpartsaren ibilbidea Luis Mariano kalean amaituko da.
Otsailak 24, Ostegun Gizena
19:00etan Zanpantzar konpartsa Alberto Anguera plazatik irtengo da. Zanpantzar konpartsan parte hartuko dute Gaiteroek, Bidasoako Erraldoiek, Irungo Udal Kontserbatorioko Ikasleek, Auntza Trikitrixa Taldeak eta Txingudi Dultzaineroek. Ibilbidea honako hau izango da: Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleak eta Colón ibilbidea zeharkatu ondoren, Zabaltza plazaraino helduko da. 19:30etan Zabaltza plazan Zanpantzarra jarriko da eta Bidasoako Erraldoiak elkarteko kideek Erraldoien Balsa dantzatuko dute.
Otsailak 25, Ostiral Kaxkarra
20:00etan Amaia Kultur Zentroan 2022ko Inauterietako Konpartsen Aurkezpena egingo da eta emanaldiaz gozatzeko gonbidapena eskuratu beharko da.
Otsailak 26, Inaute Aurrea
Inaute Aurrean baserri giroko inauteriekin loturiko hainbat ekintza egingo dira Irunen. 9:00etatik aurrera Eraiki dantza taldea Bidasoa eta Behobia auzoetan ibiliko da baserriz baserri Puska Biltzea egiten. 9:30etan hasita, berriz, Ibarla Meaka dantza taldea Meakako baserrietan barrena ibiliko da. 10:00etatik aurrera, aldiz, Txorimaloak soinu taldeko kideak Anaka barrena ibiliko dira baserriz baserri. 12:05etan Kemen dantza taldeak antolatutako Euskal-Herri Inauteria Pio XII. Plazatik aterako da. Euskal-Herri Inauteriak Serapio Mugica, Juan Arana, Luis Mariano, Zabaltza plaza, Colón ibilbidea, Foru Karrika eta Kale Nagusitik igaro ondoren, San Juan plazan amaituko dira.
Arratsaldean 17:00etan Letxunborro hiribidetik aterako da inauterietako desfilea eta Urdanibia plazaraino helduko da, bertan Zanpantzar eta 15 konpartsek parte hartuko dutelarik. 20:30etan, aldiz, San Juan plazako inguruetan musika animazioa egongo da Burrunba elektro-txarangaren eskutik.
Otsailak 27, Zaldun Inautea
8:30etan Erdiguneko eta alde zaharreko kaleetan, Irungo Txistulari Taldeak diana berezia eskainiko du Inauteriekin lotura duten hainbat doinu joaz. Goizeko 9:00etatik aurrera baserri giroko inauterietako ekintzak egingo dituzte Irungo zenbait taldek. Zehazki, Egoipar Meaka dantza taldea Meaka auzoan ibiliko da, Meakako Adixkideak dantza taldea Arbeseko plazatik irten eta Meakako auzoan barrena ibiliko da eta Kemen dantza taldea Olaberria auzoan ibiliko da baserriz baserri. Arratsaldean, 17:00etan Inauteriko Desfile Herrikoia egingo da bigarren egunez jarraian. Letxunborro hiribidetik irten eta Urdanibia plazara helduko da berriro ere.
Martxoak 1, Astearte Inautea
Astearte Inautean 19:30etan San Juan plazan Sardina Lurperatzeko eta Zanpantzar Erretzeko ekitaldiak egingo dira. Irun Hiria Musika Bandak, Bidasoako Erraldoiak, Belaskoenea auzo elkarteak, Santiagoko Deabruak eta Ondare Kultur Elkarteak parte hartuko dute bertan. Azken ekintza honekin amaituko dira 2022ko Irungo inauterietako ospakizunak.