
1922ko abuztuaren 20an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte hirian albiste ziren gertaerak islatzen ditu. Aldizkariko lehen idatzian Valverde del Camino udalerriko zinegotzien diru-saria igo ostean, Irunen ere gauza bera gertatzeko arriskuaz ohartarazten da. Jarraian, “Atsegiñ-tar” batek Juanitari zuzendutako olerkia irakur daiteke. “Idealo” kolaboratzaileak berriz, mezan ikusitako Romanones kondea deskribatzen du. Bestalde, udako musika emanaldiak eta munduko moneten arteko aldea aipatzen ditu albiste laburretan. Orrialdearen amaieran, E.R. kolaboratzaile mitikoak futbola gainontzeko kirol modalitateei lekua jaten ari zaiela azaltzen du.

Aldizkariaren bigarren orrialdea kirol kronikarekin hasten da. Aurreko zenbakietan egin bezala, Ameriketara bidean dagoen Euskal taldearen bidaiaren berri ematen da. Era berean, Argentinan jokatutako lehen partiduaren porrota eta kirol hitzorduko gakoak aipatzen dira. “Un curioso” izenordea darabilen kolaboratzaileak El Cano marinelaren izenaren idazketa okerra sortzen ari den nahastea aipatzen du. Ondoren, asteburuan hirian María Gámez artistak eskainiko dituen antzerki emanaldien nondik norakoak azaltzen dira. “De todo un poco” atalean aldiz, azken egunetan Irunen gertatu diren 4 auto istripuak aipatzen dira, hirian barrena dabiltzan autoen abiadura murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa dela salatzeko. Atal berean, “X” kolaboratzaileak ostegunetan musika bandak eskaintzen dituen kontzertuak aipatzen ditu, bai eta Colón pasealekuko egurrezko argi zutoinak metalezkoengatik aldatzeko beharra ere.

Azken orrialdean, “Notas Municipales” atalean, azken udal bilkurako erabakiak laburtzen dira. “Ecos de Sociedad” atalak, berriz, Irungo biztanle esanguratsuen bizitzetako azken nobedadeak biltzen ditu, hala nola, ezkontzak, bidaiak edo ehorzketak. “Noticias” berri laburrez osatutako atala da eta bertan, besteak beste, Viteri eskolako erlojuaren matxura aipatzen da, aldizkaria publizitatez betetako azken orrialdearekin amaitu aurretik.