Auzokideak Xantalengo jaiak ospatzeko elkartuko dira berriro

Abuztuaren 18an Ama Xantalen Eguna ospatzen da egutegi katolikoaren arabera. Urtero moduan, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak auzoko jaiak ospatzeko makineria guztia martxan du dagoeneko, egun batzuez auzoa batu eta festekiko ilusioa alde zaharreko kale kantoi guztietara zabaltzeko. Gorka Álvarez Aranburu jaien antolaketan inplikatua dago eta prozesua nolakoa den azaldu du.

Oharra: Eguraldi txarragatik bertan behera gelditu dira gaur Urdanibia plazan egitekoak ziren mutxikoak eta Udal Musika Bandaren kontzertua. 

Xantalengo jaien ospakizuna aspalditik dator. Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea 2013. urteko otsailean sortu zen eta urte horretan bertan hasi ziren elkarteko boluntarioak auzoko jaiak antolatzen. Gorka Álvarez auzo elkarteko kideak adierazi duenez, berriro auzoko jaiak antolatzen hasteko lehen ahalegin horretan auzoko ikur mitiko bat berreskuratzen ahalegindu ziren: Ama Xantalen Ermita. Izan ere, momentu horretara arte 20 urte igaro ziren ermita erabili edo ekintzak antolatzeko baliatu gabe. Ermitako ateak ireki bezain laster, ikusnahiez bete zen, ermitaren barnean zer dagoen ikusi nahi zutenez, alegia.

Lehen urte horretatik aurrera abuztuaren 18aren inguruan beti egun batez Ama Xantalen ermitako ateak zabaltzeaz arduratu dira auzotarrak. “Auzokideen lan boluntarioan oinarritzen gara eta egun oso batez txandakatzen gara jendeak gure ondarea ezagutzeko aukera izan dezan”, adierazi du Gorka Álvarezek. Gainera, orduz geroztik, Juncaleko apaizen laguntzari esker, urtero meza bat antolatu da. Ermitaren ateak abuztuaren 18an, ostegunean, 10:00etatik 20:00etara eta abuztuaren 20an 10:00etan irekiko dira. IX. Txapelaundi Saria, berriz, abuztuaren 20an banatuko da 12:00etan ermitako plazatxoan.

Txapelaundi Saria
Jaien antolaketa berreskuratu eta urtebete geroago Txapelaundi Saria sortzeko aukera ikusi zuen auzo elkarteak. Izan ere, sari honen sorreraren bitartez auzoko pertsonak errekonozitu nahi ziren. Gorka Álvarezen hitzetan, “Alde Zaharra hirian egiten diren ekintzen eta elkarte askoren jardueraren erdigunea denez, elkarteetatik eta entitateetatik harago joan eta norbanakoek egindako lana saritu nahi genuen”. Hala ere, 2020an eta 2021ean, pandemia testuinguruan, bi salbuespen egin ziren sarien irabazleak hautatzerakoan. 2020an Amaxantalen Zaharren Egoitzako langileei eman zitzaien saria pandemiaren hasieratik adinekoak babesteagatik, kolektibo ahulenetako bat izan baitziren. 2021ean, berriz, sarituak OSI Bidasoako langileak izan ziren pandemia guztian egindako lana aintzatesteko.

Aurten 9. Txapelaundi Saria banatuko dute eta oraingoan Román Morondo izango da omendua. Román Morondok urte luzez Morondo izeneko jatetxea kudeatu du auzoan, beti auzoko bizilagunak laguntzeaz eta auzoarengatik lan egiteko prest egoteaz gainera. Gorka Álvarezek azaldu du urtero auzoko jaietako omendua aukeratzeko galdetegi parte-hartzaile bat antolatzen dutela auzoan, auzotar bakoitzak saria nori emango liokeen proposatzeko aukera duelarik. Auzo elkarteko kideak erantsi duenez, “aurten dozena bat izen proposatu dizkigute, eta auzoko gizon eta emakume batzuen izenak behin baino gehiagotan errepikatu dira”.

Xantalen Danborrada
Egun Xantalengo jaietako ekitaldi arrakastatsuenetako bat danborrada da. Danborrada 2019an batu zen jaietako programara, egitaraua ekintza berri bat batzeko saiakera izan baitzen. Horrela, jaien antolatzaileek antzina auzoko jaietako ekitaldi bat berreskuratzea erabaki zuten. Danborradaz gain, aurretik Xantalengo jaietan, besteak beste, Asto edo Galtzontzilo lasterketa antolatzen baitziren, Urdanibia plazan Musika Bandaren kontzertuaz gainera. Aurtengo jaietarako abuztuaren 18an arratsaldeko 20:00etan kokapen berean berreskuratu den beste ekintza bat dugu kontzertua.

Gorka Álvarezek auzoko jaiez mintzo dela zera azaldu du, “gure auzoa hiriaren bihotza da eta jende askok bere bizitza hemen egiten duela argi dugu”. Horrela azaltzen du auzoko jaiek pizten duten interesa. “Edonork parte hartu dezake danborradan danborra jotzen, txarangan edo labandero bezala”, gehitu du Álvarezek. Aurten Irungo Atsegiñak 100 urte betetzen dituenez elkarteko sukaldariek Xantalen Danborradako desfilean parte hartuko dute. “Guztira 50 danbor dauzkagu, baina jende asko animatuko balitz danbor gehiago edonon lortzeko moldatuko ginateke”, azaldu du auzo elkarteko ordezkariak. Gorka Álvarezen azaldu duenez, oraingoz helduen danborrada antolatzen dute soilik, baina bertan parte hartzeko gogoz dagoen haur eta gazte talde bat dagoela ikusiko balute, arazorik gabe antolatuko lukete txikien talde bat.

2019an, Danborradarekin hasi zirenean konturatu ziren auzoak ez duela dianarik. Horrela, Esteban Velasco musikariari diana bat konposatzea eskatu zioten eta 2019tik diana propioa dute. Diana abuztuaren 20an 8:30etik aurrera joko da auzoko karriketatik. Aurten Esteban Velascok ere konposatuta Xantalendarrak izeneko martxa berri bat joko du Danborradak, espresuki Xantalen Danborradarentzako sortua izan dena.

Abuztuaren 20an, larunbatean, 19:00etatik aurrera auzoko kaleak zeharkatuko ditu. Xantalen egoitzan egingo da lehenengo geldialdia, danborradaren martxak egoiliarren aurrean jotzeko. Abuztuaren 21ean, berriz, igandean, Trikuharri Elkarte Soziokulturalak Eskulan eta Birziklapen tailerra egingo du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko egoitzan.

Elkartasun efektua
Gorka Álvarezek azaldu duenez jaien antolaketan inplikatuta dauden boluntarioen arteko laguntasuna ezinbestekoa da. “Esan daiteke gurea ia hamabostaldi kultural bat dela, 18an Xantalengo jaiak ospatzen hasten garelako eta San Ramonekin bukatzen dugulako 31n”, azaldu du auzo elkarteko kideak. Dena den, Xantalengoak gehiago dira auzo giroko jaiak eta San Ramon jaia, berriz, bakanal bat da aurrekoekin alderatua, batez ere, espartin lehiaketa”.

Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak lan etengabea egiten du auzoko bizitza sustatu eta askotariko egitasmoak proposatzeko. Esaterako, Gabon Zahar egunean Urte Zahar Panpina atera eta plazan erre zuten gerra aurretik egiten zen bezala. Auzoaren errealitatea berezia da, izan ere, adineko bizilagun asko daude eta, beraz, sare sozialen ordez, informazioa atariz atari zabaltzea eraginkorragoa da. Gorka Álvarezek nabarmendu duenez, “horretan gabiltza eta indarrak dauzkagun bitartean eta lagun taldea mantentzen dugun bitartean aurrera jarraituko dugu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude