Gastronomia: Koxk! Egin koxk elkartasunari

Irailaren 13an ospatuko da lehen aldiz elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituen ekimen hau.
Lau gune -guztiak gastronomiaren ingurukoak-, salmenta eta dastaketa postu andana, euskal sukaldari garrantzitsuenak, Juan Mari Arzak gazta lehiaketa, pintxo dastaketa, Pintxoaren Tunela, Zaporeak I. Sari Nagusia, haurrentzako gazta egiteko tailerra, pintxo tailerra, ekintzak, etab. Ekitaldiz beteta dator Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) ekimen herrikoi berria.

Koxk

Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen euskararen aldeko festak oinarri hartuta (Kilometroak, Nafarroa Oinez eta horrelakoak) elkartasuna eta gastronomia eskutik helduta aurkezten dizkigu Koxk!-ek. Gastronomia gai hartuta, elkartasuna du helburu. Irailaren 13an biltzen den diru eta babes guztia Etiopiako Wukro herrian Angel Olaran aita zuriarekin batera burutu nahi den Zaporeak Proiekturako izango da.
Donostiako Intxaurrondo auzoan zehar 1.400 metro inguruko ibilbidea osatu du antolakuntzak (Gastrofesta antolakuntzaren kide da). Ibilbide horretan zehar lau gune desberdin aurkituko ditu bisitariak: Luis Irizar Gunea (gune nagusia), Pedro Arregi Gunea (euskal sukaldaritza tradizionalari eskainitakoa), Juan Mari Arzak Gunea (euskal sukaldaritza berria ardatz izango duena) eta Gilda Gunea (pintxoari eskainitakoa).
Lau gune horietan, sukaldaritza oinarri duten hainbat ekintza egingo dira egun osoan zehar. Euskal sukaldaririk esanguratsuenek euren sekretuak azalduko dizkiete herritarrei; haien artean, Irungo hainbat sukaldari egongo dira. Baieztatu dutenenetako bat Danakoko David Rodriguez da.
Horretaz gain, bai guneetan, bai ibilbidean zehar, hainbat produktu gastronomikoren dastaketa- eta salmenta-postuak jarriko dira, jendeak gastronomiaren onenaz goza-tzeko aukera izan dezan.
Hainbat lehiaketa ere ospatuko dira; besteak beste, Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak lehiaketa eta Zaporeak I. Sari Nagusia (Pintxoaren Tunela). Bigarren horretan ezinbestekoa izango da publikoaren parte-hartzea. Gilda Gunean zenbait tabernak eta jatetxek postuak jarriko dituzte, pintxo banarekin, eta gero jendeak aukeratuko du aurkeztutako zein pintxok merezi duen saria.
Hori dugu Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) elkartasun- eta gastronomia-ekimena.

Soilik falta zaigu gonbitea luzatzea irailaren 13an gerturatu eta gurekin batera gastronomiaz goza dezazuen. Informazio gehiago:
www.gastrofesta.com/koxk.
On egin!

Oraitz Garcia

gastrofesta.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude