Jauzi Txapelketaren XXX. edizioa antolatu du Jaizubiako Hipikak beste urte batez jaietako programaren barnean

Argazkia: Jaizubiako Hipika

Jaizubia Hipika Elkarteak Jauzi Txapelketaren XXX. edizioa antolatu du San Pedro eta San Martzial jaietako programaren barnean. San Martzial Sari Nagusiko Finalak ekainaren 22an, larunbata, eta ekainaren, 23an egingo dira Jaizubia Hipikaren eremuan. Aurten, nobedade moduan, proba ofizialez gain, Espainiako Poni Txapelketarako prestaketa probak egingo dira ere, beraz, aurreko urteetan baino parte hartzea handiagoa espero da aurtengo edizioan.

Aurtengoa ibilbide historiko zabala lortu duen Nagore Otañoren omenezko Jauzi Txapelketa honen XXX. edizioa izango da. Kirol proba honen antolakuntzan Euskal Hipika Federazioa, Gipuzkoako Hipika Federazioa eta Irungo Udalak laguntzen dute, enpresa irundarren laguntzarekin batera. Txapelketaren zuzendaritza Xabier Berrotaranen esku egongo da.

Jauzi Txapelketaren XXX. edizioan 100 amazona eta zaldizkoen parte-hartzea espero da aurten, maila altuko Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko zaldizkoen arteko lehiarekin . Probarako izen ematea Euskal Hipika Federazioaren webgunearen bitartez egin da. Izen-ematea egiteko epea ekainaren 16ko arratsaldeko 20:00etan amaitu zen eta epez kanpoko izen ematea egiteak gain-kostu ekonomikoa izango du.

Ekainaren 22 eta 23 artean guztira pistara 200 irtenaldi egingo direla kalkulatzen da, 0,50 metrotarik 1,35 metrotako Sari Nagusiaren arteko proba ezberdinak egiteko. Proba guzti horiek gainera Gipuzkoako Txapelketaren barnean sartuko dira.Txapelketa egunez gainera, parte hartzaileek ekainaren 21ean txapelketako pista probatzeko aukera izango dute arratsaldeko 15:00etatik 19:00ak bitarte.

Probak Jaizubiako Hipikaren pistan egingo dira, hau da, duela urtebete inauguratutako pista berrian. Pistaren dimentsioengatik, 80×70 metro eta 6.000 metro karratu dauzkanez, momentu honetan Euskadin mailan dagoen pista handiena da klub irundarrarena.

Kirol probak goizeko 9:00etan hasiko dira bai ekainaren 22an zein ekainaren 23an. Publiko moduan probak ikusi ahal izateko sarbidea librea izango da, beraz, zaldien mundua maite duen edonork ikuskizunaz dohainik gozatzeko aukera izango du, txapelketan lehiatuko diren zaldikoek ibilbide garbi bat burutzeko trebetasuna eta abilezia nola tartekatzen dituzten ikusi ahal izateko.

Guztira 4.000€ aurrekontua izango du aurtengo Jauzi Txapelketak zaldizko garaileen artean sari moduan banatzeko. Aurrekontu hori instituzio ezberdinek eskainitako babesari esker lortu da, hala nola, Euskal Hipika Federazioa, Gipuzkoako Hipika Federazioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Vertiz, Padd, Alkain, Sargia Jatetxea, Decathlon Irun, Bendetti botak, Caser, Allianz, Tranko, Imaz Ceca Team, Endanea, Glas, Hiruzta eta Rubén Sanchez Hortz Klinika bezalako enpresa pribatuen laguntzarekin.

Txapelketaren iragana
Urtetik urtera errepikatzen diren edizioak zenbatuz gero, guztira, 30 urte daramatza Jaizubia Hipikak txapelketa hau antolatzen. San Martzialetako Derbya Jaizubia Hipikikak urtean zehar antolatutako txapelketa handiena eta bereziena da, bai probara gerturatzen diren zaldizkoen kopuruarengatik zein honelako txapelketa baten antolakuntzak dakarren lan zama handiarengatik. Hortaz gain, txapelketak sanmartzialetako giroarekin bat egiten du jaietako bezperako egun horietan.
Urteak aurrera egin ahala, txapelketaren formatua aldatuz joan da. Izan ere, txapelketaren barnean hainbat urteetan zehar pistako oztopo-lasterketa eta pista zabaleko probak tartekatzen ziren. Gaur egun, berriz, txapelketaren barneko proba guztiak pista berean gauzatzen dira pista zabala aprobetxatuz eta txapelketaren esentzia mantenduz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude