Ibai Pérez de San Román, Euskadiko Tenis Txapelketako irabazlea: “Euskadiko txapelketa bat irabaztea urrutiegi ikusten nuen”

Ibai Perez de San Román gazte irundarrak Espainiako Tenis Txapelketa jokatuko du Euskadiko txapelketan garaile izan ostean. Teniseko Sub18 kategorian dabilen gazteak hiru urte daramatza Iruñeko Donibane kirol elkartearekin batera entrenatzen. Espainiako Txapelketa abuztuaren 18tik 22ra jokatuko da Reusen eta jokalari irundarrak joko maila altua erakusteko asmoz prestatzen ari da bere hurrengo erronkarako.

Noiz eta nola murgildu zinen tenisaren munduan?
Txikia nintzenean hasi nintzen tenisera jolasten, aitaren konpainian oporretan gindoazenean batez ere. Hamar urte bete nituenean Intxaurrondoko Tenis Eskolan hasi nintzen udako ikastaroak egiteko. Nire bizitzan zehar futbola eta balleta bezalako beste hainbat kiroletan ibili naizen arren, tenisa izan zen gehien erakarri ninduen kirola. Ondoren, Irungo Txingudi klubean zenbait urte eman nituen, kluba itxi zuten arte.

Inoiz tenisean Euskadiko txapeldun izatera iristea espero zenuen?
Titulu hau lortzen dudan lehen aldia da eta azken urtean zehar jokalari gisa asko hobetu dudala uste dut. Orain dela hiru urte Iruñera bizitzera joatea erabaki nuen tenis txapelketen prestaketan zentratzeko. Hala ere, Euskadiko txapelketa bat irabaztea urrutiegi ikusten nuen, gure kategorian maila osoa altua duen Pablo Rios izeneko jokalaria dugulako, Mundu mailako rankinean 183 postuan dagoena eta bera garaitu ahal izatea ezinezkoa iruditzen zitzaidan.

Zergatik erabaki zenuen tenisaren munduari denbora gehiago eskaintzea?
Bai, orain dela 3 urte murgildu nintzen gehiago txapelketen mundu honetan. Urteak pasa eta emaitza hobeak lortzen joan naizen heinean, txapelketa gehiagotan izena eman dut eta maila nazionaleko txapelketak jokatzen hasi naiz. Oraindik zaila egiten zait partidu horietan emaitza onak lortzea, baina, jokalari gisa oso esperientzia aberasgarria da bertan jokatu ahal izatea.

Zer aurreratu dezakezu Espainiako Txapelketaren inguruan?
Abuztuaren 18tik 22ra jokatuko da Reuseko Tenis klubean, Katalunian. Aurten 32 tenis jokalarik parte hartuko dugu txapelketan. Orain arte 64 izan ohi ziren Espainiako Txapelketa jokatzen duten tenis jokalariak, baina, pandemiaren eraginez, aurten autonomia bakoitzeko jokalari sailkatuak eta sailkapenaren arabera sartutako jokalariak soilik izango gara bertan.

Nola prestatzen ari zara txapelketa hau jokatzeko?
Orain arte jokatutako txapelketa garrantzitsuena izan arren, beste edozein txapelketarako bezala entrenatzen ari naiz. Nire ustez, presiorik gabe jokatzea eta ahal dudan onena ematea izango da txapelketaz gozatu ahal izateko modurik egokiena. Espainiako Txapelketa irabaztea ezinezkoa iruditzen zait, beraz, partiduren bat irabaziz gero edo maila altua erakustea lortzen badut etxera pozik itzuliko nintzateke.

Nolako eragina izan du pandemiak Espainiako Txapelketaren antolaketan?
Egia esan, ez dakit pandemiaren ondorioz Espainiako Txapelketaren data atzeratu den edo ez. Dena dela, jakinarazi nahiko nuke orain arte urtero Euskadi Txapeldunei Euskadiko Tenis Federazioak Espainiako Txapelketara joateko gastu guztiak ordaindu izan dizkiela. Aurten, tamalez, hori ez da horrela izango eta nik neuk nire poltsikotik ordaindu beharko ditut txapelketan parte hartzeko gastu guztiak.

Pandemiaren eginez entrenamenduak eteteak nolako eragina izan du zure joko-mailan?
Bi hilabetez etxean sarturik egon arren, konfinamendua iritsi aurretik txapelketa maila altu batean nenbilen, beraz, bat-batean gelditzea ez zen erraza izan. Dena dela, etxera itzuli eta familiarekin denbora pasatzeko aukera eman dit. Bien bitartean, etxean tenisera jokatzea ezinezkoa zenez, nire errendimendu fisikoa asko hobetu dut.

“Nik neuk nire poltsikotik ordaindu beharko ditut txapelketan parte hartzeko gastu guztiak”

Berriro entrenatzen hasi zarenean, arraroa izan da tenis zelaira itzultzea?
Fisikoki orain lehen bezala edo oraindik hobeto nabilela esan dezaket. Teknikoki, ordea, aste batzuk behar izan nituen kolpeak berreskuratzeko. Txapelketen erritmoa berreskuratzeko Euskadiko Txapelketa jokatu aurretik Zaragozakoa jokatzea erabaki nuen, etenaldiaren ondoren eta etxeko txapelketa jokatu aurretik, tartean txapelketetara egokitzeko tartea izateko.

Tenisean zein neurri berezi hartzen dira Covid-19aren zabalpena ekiditeko?
Pistara sartu eta partidua hasi aurreko uneetan, beroketak barne, maskara jantzita izan behar dugu. Hortaz gain, zurekin eraman ditzakezun laguntzaile kopurua murriztu da eta laguntzaile bakarra eraman dezakezu. Partiduen aurretik tenperatura neurtzeaz gainera, gaixotasunaren sintomak dituen norbaitekin egon ote zaren ere galdetzen dizute.

Zein da zure kirolari erreferentea tenisaren munduan?
Rafa Nadal da nire jokalari eredugarria, txikitan aitarekin batera bere partiduak ikusteko ohitura nuelako. Gainera, profesional bikaina izateaz gainera, pistan asko borrokatzen duen jokalaria dela esango nuke eta zentzu horretan bere antza dudala uste dut.

Zeintzuk dira zure ustez tenis jokalari on batek izan beharreko ezaugarriak?
Zentzu horretan, tenisa kirol konplikatua da goi-mailako jokalaria izan ahal izateko ahalmen berezi asko behar baitira. Talentuaz gainera, eguneroko lanak eta porrotetan aurrera ateratzeko gai izateak asko baldin- tzatuko zaitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude