Ana Iturria, Erroibide klubeko lehendakaria: “Maila altuko jokalariak gazteagoengana hurbiltzea aberasgarria izan daitekeela uste dugu”

Ana Iturriak txikitatik izan du saskibaloira jokatzea gustuko. Bere alabak txikiak zirenean saskibaloira jolastu nahi zutela esan ziotenean izugarri poztu zen. Egun, 9 talde eta 120 jokalari inguru dauzkan Erroibide Klubeko lehendakaria da.

Nolatan igaro zara klubeko jokalari batzuen ama izatetik lehendakari izatera?
Saskibaloiaren munduan era aktiboagoan parte hartzea erabaki nuen klubak gurasoei laguntza eskatu zigun momentu batean. Zuzendaritza-batzordean sartuta egon ostean, lehendakaria izateko proposamena jaso nuen. Hasieran, beldurra sentitu nuen karguak eskatzen zuen lan handia ikusita, baina, nire alabei emandako aukera itzultzeko beharra sentitu nuen.

“Klubeko presidente ohiak nire alboan izan ditut zalantzak argitu eta gauzak nola egin behar diren ikasteko”

Kargura egokitzea erraza izan zaizu?
Laguntza asko izan dut horretarako. Klubeko presidente ohiak nire alboan izan ditut zalantzak argitu eta gauzak nola egin behar diren ikasteko.

Zeintzuk dira Erroibide klubeko lehendakariaren zereginak?
Klub txikia garenez denetarik egin behar da: jokalarien fitxak egin, udalarekin gestioak, beste klubekin eta federazioarekin kontaktua mantendu, … Lan izugarria da.

Nolakoa izan irailean egin zenuten aurkezpen ekitaldia?
Denboraldi honetako taldeak aurkeztez gain, zendutako Luis Mari Lartigueri, klubaren sortzaileetako bati, omenaldia egin genion. Ezinbestekoa iruditzen zitzaigun omenaldia egitea, bere senide eta lagunei haiekin gaudela adierazteko.

Nolakoak izan dira karguan eman dituzun lehen hilabeteak?
Oso pozik gaude eta dena oso ondo joan da. Gabonetako oporretarako torneo berezi bat antolatzen ari gara orain, Irunen abenduaren 22, 23, 29 eta 30ean jokatuko dena. Irun aurtengo Gabonetan saskibaloiez betetzea espero dugu.

“Irun aurtengo Gabonetan saskibaloiez betetzea espero dugu”

Haurrentzako eskolak ondo funtzionatzen du?
Bai, 2007 urtetik dago martxan eta saskibaloira jolastu nahi duten neska eta mutil gazteak dauzkagu bertan. Entrenatzaileak, maila helduen taldeetako jokalariak dira, beraz, txikiei saskibaloira jolasten irakasten dieten bitartean, entrenatzailea izatea zein zaila den ikasten dute haiek.

Saskibaloiak eskualdean zaletu asko dauzka egun beste kirolekin alderatuta?
Saskibaloiak zaletuak dauzkan arren, egia da Irunen izen handiak dauzkaten klubak dauzkagula: Bidasoa, Real Union, Santiagotarrak,… Saskibaloia apur bat atzetik gelditzen dela dirudien arren, pixkanaka hazten ari gara.

Zeintzuk dira hemendik aurrera zure buruari ezartzen dizkiozun helburuak?
Lehen urtea denez oso txikiak. Gure taldeak mantentzea eta, era berean, maila altuko jokalariak gazteagoengana hurbiltzea aberasgarria izan daitekeela uste dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude