Azeri Arku Tiroketa klubak 20 urte bete ditu. Egoitza fisikoa Hondarribian kokatuta badu ere, Azeri klubak eskualde osoko jaurtitzaileak ditu. 20 urteko ibilbide honetan zehar elkarteak arku-tiroarekiko grina San Telmoko zelaitik haratago zabaltzea lortu du. 2021eko irailean, gertakari eta bizipen horiek guztiak laburtzeko asmoz, elkarteak liburu bat kaleratuko du.
Kluba Patxi Goikoetxea eta José Luis Goikoetxea neben ahalegin eta konpromisoari esker sortu zen. Nebak 1996. urtean hasi ziren arku-tiroa praktikatzen, Patxi Goikoetxeak Julen semearekin Costa Bravako kanpin batean kirola lehen aldiz probatu ostean. Hondarribiko itsasargian, hondartzan edo Guadalupeko zelaietan arkua estreinatu ostean, Donostiako Diarco klubean hasi zuten beren kirol ibilbidea, beharrezko oinarri teknikoak barneratu eta lehen txapelketetan parte hartu zutelarik.
2000. urtean Hondarribian tiroketa eremu bat sortzeko asmoa errealitate bihurtzeko prozesua hasi zuten. Azeri Ehiza eta Tiro Elkartearen bitartez San Telmoko tiro-eremuaren alboan kokatutako kantoi-zabortegiak arku-tiroaren zelai bat sortzeko baldintza onargarriak betetzen zituela jakin zuten. Horrela, Azeri ETEren barnean arku-tiroaren atala sortu zen, elkarte erabat independentea eratu aurretik. Zehazki, 2001eko uztailaren 17ko ohiko batzarrean klubaren eraketaren konstituzio-dokumentua sinatu zen.
Eraketa prozedura
San Telmoko zelaia egokitzeko urte bat baino gehiago behar izan zuen elkarteak. Bien bitartean prestakuntzarako lehen material-sorta eskuratu zen. Lurralde Federazioen lankidetzari esker, txapelketa ofizialak eta ligak antolatu dira San Telmoko zelaian. Ondorioz, tiro-eremua egokitu eta instalazioa praktika-baldintza onenetara egokitzea beharrezkoa izan zen. Horrela, Tiro-lerroa estaltzeko 30 metroko estalkia eraiki zen eta tiro-lerroa 3 metro zabaldu zen. Bi urte geroago, 2007an, metalezko edukiontzi bat gehitu zen lehiaketako materiala gordetzeko. Graficas Anakako Jon Sarasola arduratu zen Azeri klubaren logotipoa sortzeaz. 2011n, berriz, klubaren sorreraren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, www.azeriarku.wordpress.com webgune informatiboa sortu zen.
Gizarteari egindako ekarpena
Azeri elkartearen izenean Patxi Goikoetxeak adierazi duenez, “20 urte labur gelditzen dira denbora tarte honetan elkarteak lortutako guztia laburbiltzeko”. Esaterako, lau urte baino gehiagoz eskolaz kanpoko ikastaroak eskaini ziren, Hondarribiko ikasleei arku-tiroa hurbiltzen laguntzeko. 2004. urtean elkarteak lehen arkuteria buletina kaleratu zuen, Azeri klubaren lorpenen berri emateko, baina hori izan da momentura arte kaleratutako buletin bakarra.
Udako ikastaroek, Uda programaren bitartez, kirolari buruzko oinarrizko prestakuntza emateaz gainera, bazkide tiratzaile berriak erakartzea lortu zen. Era berean, Hondarribiko Udaleko Kirol Arloarekin Jostaldiko erabilera anitzeko gela txikia ikasleen ikastaroetarako eta teknifikazio- eta entrenamendu-gela gisa erabiltzea adostu zen.
Azeriren ekarpenaren erakusle dira azken bi hamarkadetan elkarteak antolatu dituen askotariko ekintzak. Azerik Hondarribiko Erdi Aroko Azokan parte hartu izan du, segurtasuna lehenetsiz, haur eta helduei arku-tiroa probatzeko aukera emanez. Bestetik, azken lau urteetan zehar Gaueko Tiradaren lau edizio antolatu dira abuztuan, gaueko iluntasunean argiztapen artifizialarekin tiratzeko esperientziaz gainera, afariaz eta arkularien anaitasun giroaz gozatzeko.
2002. urtean diseinatu eta egin zen Klubaren lehenengo tirada soziala iraileko lehenen astean, Hondarribiko jaietako jardueren programazioarekin bat etorriz. 2008an, berriz, lehenengo Azeri Saria antolatu zen, Euskadiko beste klub batzuei San Telmoko zelaian lehiatzeko aukera eskaintzeko, nahiz eta klubak lehiaketa txapelketen egutegian txertatzeko zailtasunak izan zituen.
Bidasoatik nazioartera
Klubaren jarduera ofiziala hasi zenetik, 2001. urtean, Azerik arku biribildua (olinpikoa) zein konposatua (poleak) praktikatu ditu, lehiaketa-formatu desberdinetan, aire zabalean nahiz aretoan, Espainiako lurralde osoan zehar. Gainera, klubeko arkulariek, Azeri ordezkatuz, Europako areto-lehiaketa ospetsuenean parte hartu dute, Frantziako Nimesko Nazioarteko Txapelketan parte hartuz. Ia mundu osoko tiratzaileak biltzen dira txapelketa handi horretan, mila tiratzailek baino gehiagok izena eman ohi duten lehiaketa ireki batean.
Azeriko hainbat tiratzaile Espainiako Talde Nazionaleko partaide izateko deituak izan dira, Munduko Kopetan, Europako Txapelketetan, Munduko Txapelketetan eta Mediterraneoko Jokoetan maila gorenean lehiatzeko. Horrela, kirol-munduan Azeri izena nazioarteko maila altuenetara eraman dute, eta emaitza eta kalifikazio bikainak lortu dituzte arku-tiroan Frantzian, Italian, Txinan, Mexikon, Turkian, Erresuma Batuan eta abarretan jokatutako txapelketetan. Azeriko kideek puntuazio-errekor nazionalak ere lortu dituzte, urte batzuez indarrean egon direnak.
Azeri, oraina eta etorkizuna
20 urte pasa diren arren, Azerik hasieran ezarritako balioekiko eta helburuekiko leiala izaten jarraitzen du. Adibidez, adinekoen kolektiboak eta mugikortasun murriztua duten pertsonak kirol-jardueran integratzeko saiakerari eusten dio.
Ibilbide horretan, Patxi Goikoetxeak Azeri klubeko ordezkariak adierazi duenez, “urte hauetan guztietan Hondarribiko Udalaren, Azeri ETE klubaren, Gipuzkoako Arku Tiroaren Federazioaren, epaileen, Euskadiko, Nafarroako eta Espainiako gainerako kluben eta kolaboratzaileen laguntza ezinbestekoa izan da” 2013an, arku-tiro estalia praktikatzeko indoor galeria bat sortzeko beharra atzeman zen. Instalazio horren ezaugarri teknikoak eta kokapen optimoa zehazteko diseinu bat aurkeztu zitzaion Hondarribiko Udaleko Kirol Arloari eta oraindik etorkizunean gauzatzeko dagoen zereginetako bat da. Bestetik, ikasle gazteen kategorientzako lehiaketa autonomiko-nazionala sortzea eta finkatzea nahiko luke Azeri elkarteak. Horregatik guztiagatik, 2021. urtean klubaren 20 urteko ibilbidea laburbiltzeko liburua kaleratu du Azeri elkarteak.