Euskal Herriko maratoi erdiaren XVI. edizioa urriaren 27an izango da. Parte-hartzaileek goizeko 11etan korrika egiteari ekingo diote Donibane
Lohitzuneko Thiers Bulebarrean. 21 kilometroko lasterketa honen helmuga, berriz, Hondarribiko erdigunean egongo da.
Urtero legez, Bidasoa eskualdeko korrikalariek egutegiko lasterketa garrantzitsuenetariko bati aurre egingo diote hemendik gutxira. 2.000 korrikalari baino gehiago erakartzen ditu Donibane Lohitzune eta Hondarribia hiriak elkartzen dituen lasterketak. Proba horren erakargarritasun nagusia ibilbidea da; izan ere, “Erlaitza” edo itsas hegiko errepide gorabeheratsu eta aldi berean zoragarria zeharkatzeko aukera dute korrikalariek. Horretaz gain, Hendaia eta Irun zeharkatzen dituzte, bai eta Hondarribiko erdigunea ere.
Lasterketan parte hartu nahi dutenek oraindik garaiz dabiltza. Urriaren 25era arte posible izango da web orriaren bidez (www.kirolprobak.com) izena ematea. 30 euroko kostua izango du. Dortsalei dagokienez, txipekin batera entregatuko dira Hondarribiko kiroldegian, honako ordutegi honetan: urriaren 23tik 25era arratsaldeko 18:30etik 20:30era, eta urriaren 26an 10:00etatik 14:00tara eta 16:00etatik 20:30era. Eskualdeaz kanpotik datozen korrikalariek, berriz, Hondarribiko helmugan jaso ahal izango dituzte dortsalak, 27an bertan. Ordutegia 8:00etatik 8:50era arte izango da.
Bestalde, antolakuntzak autobusak jarriko ditu atletak Hondarribitik Donibane Lohitzuneko irteera puntura eramateko. Ibilbidearen prezioa 3 eurokoa izango da; irteera orduak, berriz, 9:00etan, 9:30ean eta 10:00etan izango dira, Yola Berri taberna ondotik. Lekuak izenematearen ordenaren arabera erabakiko dira.
Lasterketa amaitzean Donibane Lohi-tzunera itzuli behar duten atletengan ere pentsatu dute antolakuntzakoek. Hori dela eta, sari-ematearen ondoren, 14:00ak aldera, Hondarribitik autobus bat aterako da. Autobusa hartu ahal izateko, izena emateko garaian adierazi beharko dute korrikalariek.
Iazko markak
2012ko edizioan Aimad Bouzique izan zen garaile gizonezkoetan, 1:10:12ko denborarekin. Bederatzi segundu gerago iritsi zen helmugara Lionel Petriarcq baionarra, eta hirugarren postua Aritz Kortabarria gipuzkoarrarentzat izan zen, 1:12:11ko denborarekin. Nahiz eta oso gogor hasi, 7. kilometrotik aurrera indarra galdu eta 9. kilometrotik aurrera hirugarren joan zen. Emakumezkoetan, berriz, Ana Casares izan zen garaile, 1:19:52ko denborarekin. Erritmo egokia mantenduz eta inongo estrategiarik gabe, korrikalariak lehendabiziko postua lortu zuen. Haren atzetik, Claudia Behobide hondarribitarra eta Elena Ugena madrildarra iritsi ziren helmugara. Aurtengo Donibane Lohitzune – Hondarribia lasterketan munduko zorterik onena opa diegu Bidasoa eskualdeko korrikalariei, aurten sari nagusia gurean gera dadin.