Iñigo Lavado sukaldariak jaki eta emozioak nahasten dituen liburua aurkeztu du FITUR Nazioarteko Turismo Azokan. Irungo Ficobako eraikinean kokatutako jatetxeko sukaldari irundarrak “Cocinando emociones” izeneko liburua aurkeztu zuen Euskadik tursimo azokaren barnean duen standean. Aurkezpenean, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Sonia Perez turismo kontseilariak lagundu zuten sukaldaria.
Eusko Jaurlaritzak “Cocinando emociones” izenburuarekin liburu eta bideo bat argitaratu ditu. Lan honen bitartez sukaldari irundarrak turismoa ulertzeko beste ikuspuntu bat proposatzen die irakurleei, horretarako, liburua osatzen duten idatzietan gastronomia eta emozioak elkartuz. Telebista saio batean pertsona ezberdinekin sukaldatu ostean, liburua programan bildutako ideiak islatzeko helburuarekin idatzi izan dela azaldu du Lavado sukaldariak.
Turismo sailak Euskadiko turismoaren ikuspuntu ezberdin bat eskaintzen duen egitasmo hau babestu nahi izan du. Izan ere, “Cocinando emociones” lanean gastronomiarekin batera, lurralde eta kalitateari garrantzia ematen zaie. “Errezetak alde batera utzita, benetan garrantzitsuak diren gauzetan sakondu nahi izan dut”, gaineratzen zuen Iñigo Lavado sukaldariak. Luis Irizar maisua ahaztu gabe, Euskadi bezalako lur aberatsean ekoizten diren kalitate altuko lehengaiak, ondo egindako lana eta inklusioaren garrantzia izan dira sukaldariaren hizketagaiak argitaratu berri den liburuan.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak Iñigo Lavado sukaldaria lagundu zuen Fitur azokan egindako aurkezpenean. Alkateak adierazi zuenez, oso proiektu pertsonala da Iñigo Lavadoren azken lan hau, gastronomiaren dimentsio ezberdin bat hurbiltzen diguna. Irungo alkatearen hitzetan, “Iñigo Lavadok gastronomia ondo jatea baino zerbait gehiago dela erakutsi digu”. Irungo alkatearekin batera, “Cocinando emociones” liburuaren aurkezpenera Sonia Perez turismo kontseilaria, Isabel Muela kontseilariordea eta Harkaitz Millán Basquetourreko zuzendaria gerturatu ziren.