Santiagotarrak Kirol Elkarteak 254 kirolariekin ekingo dio aurtengo denboraldi berriari. Urtarrilaren 16ean, asteazkenean, Amaia Kultur Zentroan antolatutako ekitaldian denboraldi berriko taldeen aurkezpena egin zen. Hortaz gain, 2018 urteko denboraldian zehar lortutako garaipen eta dominen errepasoa egin zen.
Ekitaldian, kirol kontuen errepasoa egiteaz gain, Martin Miranda klubeko kirolariak pianoan hainbat pieza jo zituen eta Mario Simancasen bakarrizketekin barre egiteko aukera izan zuten Amaia Kultur Zentrora hurbildu zirenek. Gainera, ohitura zaharrak ez galtzeko, ekitaldiaren amaiera klubeko kirolari, entrenatzaile eta klubeko zuzendaritza-batzordeko kideek, Pedro Alegre udaleko kirol ordezkariarekin batera, familia argazkia atera zuten. Kirol ordezkariak 2018 urtean zehar lortutako emaitzengatik klubeko kirolariak zoriondu zituen. “Edonork ez du ibaia barnetik bizi eta hiria ikuspuntu berezi honetatik ezagutzeko aukera”, gaineratu zuen Pedro Alegrek.
“Zuetako batzuek nazioarteko txapelketetan parte hartuko duzue eta, zergatik ez, olinpiadetan”
Antxon Arellano, klubeko presidentea
Antxon Arellanok klubeko presidenteak adierazi zuenez, “aurpegi berri asko ikusten ditut udako ikastaroen ostean”. Izan ere, urteak aurrera egin ahala, jende berria batzen da familia izaera duen klub honetara. “Zuetako batzuek nazioarteko txapelketetan parte hartuko duzue eta, zergatik ez, olinpiadetan”. Izan ere, klubeko kirolariek 2018an lehenengo aldiz hiru sailetako ordezkariak izan ditu gazte eta 23 urtez azpikoen mailetako munduko lehiaketetan.
2018 urteko lorpenak
Ur lasterretan, hiru kirolarik lortu zuten aurreko denboraldian nazioarteko lehiaketetan parte-hartzeko estatuko selekzioetan sartzea: Clara Olazabal (C1), Ander Elosegui (C1) eta Joan Crespok (K1). Talde mailan, federatuen kategorian, Slalomeko Liga Nazionalean 3. postuan klasifikatzea lortu eta Promesa Gazteen Liga Nazionalean kategoria infantilean 2. lekua eskuratu zuten. Saileko arduraduna den Mikel Estonbak adierazi du, “Santiagotarrak klubak, estatu mailan, ur lasterretan erreferentziazko kluba dela erakutsi du”.
Ur lasaiei dagokionez, joan den urtean, berriz, sail honetako federatuek Espainiako txapelketetan 28 domina eta Espainiako kopetan 23 domina eskuratu zituzten. Maila nazionalean klubak 3. postua eskuratu du XVI. Ibai eta Maratoien Ligan eta 6. posizioa XVI. Gazteen Promesen Ligan. Gainera, Sergio Arana saileko ordezkariak azaldu duenez, “kategoria txikietako kirolariek primerako emaitzak eskuratu zituzten eskolarteko txapelketetan”.
Azkenik, arraunean, maila nazionalean, kirolariek emaitza onak eskuratu zituzten, izan ere, Espainiako txapelketa guztietan dominak eskuratu zituzten. Gainera, Nerea Seijo, Aitzpea Gonzalez, Ander Legazkue eta Osertz Gonzalezek nazioarte mailan lehiatzeko aukera izan zuten. Iñaki Peñak saileko arduradunak adierazi duenez, “Nazioarteko mailan lehiatzen jarraitzeko, maila txikiagoetan daudenen lana beharrezkoa da”.