IRITZIA. Yurre Ugarte. Betzuloak

yurreugarteberri

Plastikozko lore-sortak eta argazkiak faroletan lotuta hildakoaren oroimenez, Kolon pasealekuko topoaren sarreraren parean. Kale bat atzerago kokatutako diskoteka batean, larunbat gaua dantzan eman ondoren, labankadak zulatutako gorputza bihurtu baitzen 24 urteko gaztearena: odola zeriola, topoaren sarreraraino iritsi ziren haren azken urratsak, baita bertan amaitu ere, lozorroan zurrungaka zirauen auzoan. Bizitza borbor, heriotza ezusteko eta anonimo. Betzuloak hildakoaren gertukoen aurpegietan, haren heriotza irundarroi jakinaraztearren egin zituzten manifestazioetan. Napoleon Zangmeni izenez, kamerundarra jatorriz, neskalaguna ikustera Madriletik Irunera etorritakoa. Leopoldo Maria Paneroren Así se hizo Carnaby Street poesia liburuko heriotza dirudi Napoleon Zangmenirenak… Hain justu handik bi egunera hil zen Leopoldo Maria Panero, laurogeigarren hamarkadaren bukaeran Irungo auzo horretako tabernetan ibilitakoa eta unatutakoa… Iragarritako heriotz (ezaguna) bizitzatik dimititu zuenaren baitan. Betzulorik bazen, Panerorenak ziren; infinitoak 24 urte zituenetik gutxienez, gaztetako poesia ederrak erdietsi zituenetik. Agian familian bizi izan zuen deslilurak eragindako betzuloak ziren harenak, baiki, poetak berak inork ez bezala elikatu zituenak ordea, eromena bizimodu bihurtuta, “suizidatzea bizitzan sinestea da” aldarrikatzen zuelarik (inoiz suizidatu gabe). Trenbideek zeharkaturiko kale horietan pulunpatu zen poetaren begirada, eta tabernetan ezaguna egin zen ezinbestean. Cipriano Larrañaga kalean bizi izan baitzen 1990. urtera arte Felicidad Blanc, L. M.P.-ren ama, semea Arrasateko eroetxean erroldatuta zeukanean. Hala, semeak baimena lortzen zuenetan, bisitan etortzen zitzaion amari; eroetxetik Kakaren kalea zeritzanerako bidaia burutzen zuen poetak. Alegia, L.M. Paneroren poesiaren kale nagusian barrena, non Napoleon Zangemi ere galdu den betirako. Eta, guztion begipeak, gero eta iltzatuagoak… Deslilura nabarmenagorik posible ote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude