Berpiztu erakundeak janari banaketa egiten du astean behin Santiago kalean

Otsailaz geroztik Berpiztu Gobernuz Kanpoko Erakundeak janari banaketa egiten du Santiagoko DSC04880Bizilagunen Elkartean, astean behin. “Hasieran 10 pertsona etorri ziren; orain, 257, eta kopurua goruntz doa”, dio Berpiztuko boluntario batek.

Hamabost egunean behin jakiak jasotzeko eskubidea dute. Laguntza horri esker bizirauten jarrai dezakete.

Zer gertatzen da etxe batean sartzen den diruak mailegua, argia eta ura ordaintzeko lain ematen duenean, baina ez janaria erosteko?

“Gehienak gizarte-laguntzaren bitartez iristen zaizkigu. Erroldatuta egotea eta egoera ekonomikoari buruzko dokumentuak eskatzen zaizkie. Orduan zerrendan sartzen ditugu”, azaldu digute Berpiztukoek.

Asteartero, 10:30ean, Gipuzkoako Elikagai Bankutik furgoneta iristen da. 800 kg ekarri ditu gaurkoan.

Europako soberakinak dira, baita enpresen dohain-tzak ere. Esnea, garbantzuak, dilistak, pasta, olioa, arroza dira nagusi. Halaber, produktu freskoak banatzen dituzte; hala nola, barazkiak, fruta edo gazta. Beharra, ordea, gero eta handiagoa denez, Berpiztuk merkatari nahiz hiritar guztiei dei egiten diete ahal dutena elkarteari emateko.

DSC0486910:30a baino lehen jendea inguratzen hasia da. Ordurako orgatxoak eraikineko hormaren kontra lerrokatuta ikus daitezke. Bakoitzari zenbaki bat ematen zaio: aurreko txandan lehenak izan zirenak orain azkenak izango dira.

Berpiztu Elkartekoek badakite jendea deseroso sentitzen dela ilaran, edozeinen begi-bistan baitaude; horregatik, banaketa arintzen saiatzen dira. “Badira ongi bizi zirenak, baina orain… ez dira iristen”.

Baratzetan lapurretan

“Baratzetan lapurtzera iritsi gara”, aitortu du emakume batek, haur txiki bat besoetan duela. “Zinez, hona eske etortzeak lotsatu egiten ninduen, baina ez neukan beste irtenbiderik. Etxean lau lagun bizi dira. “Senarrak Donostiako txirrinda-denda batean lan egiten zuen eta ni jatetxe batean zerbitzari nengoen lanaldi osoz. Orain, krisia dela eta, ni naiz enplegua dudan bakarra, eta gainera lanaldi erdikoa. Horrekin gastuak ordaintzen ditugu, besterik ez. Beraz, janari honi esker aurrera ateratzen gara”.

Zerbitzu honen erabiltzaile gehienen egoera antzekoa dela esan liteke; diru iturriren bat badute ere, ez da bizi-tzeko nahikoa.

Zain zegoen emakume baten iritziz, “zerbitzua oso ongi dago. Ni ireki zutenetik etortzen naiz eta primeran datorkit”. 600 €ko soldata du eta horrekin bizi behar dute berak eta ikasten ari den alabak.

Enpresari izatetik janaria eskatzera

Ama gazte bat bere egoera kontatzera deliberatu da: “Nire senarrak eraikuntza enpresa bat DSC04875zeukan. Ongi bizi ginen, batere arazorik gabe. Gainbehera hasi zen enpresa ixtearekin batera. DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, 400 € inguru) besterik ez dugu poltsikoratzen gaur egun. Ama alarguna dut eta bera ere eskas dabil, baina esan beharra dago guri mesede egiteagatik bere janaria ere emango ligukeela!”

“Pasta eta lekale asko, baina horiek sukalda-tzeko osagai gutxi ematen dute”, kexu da gizon adindu bat. 2008tik langabezian dago. Egoera kronikoan sartuta ikusten du bere burua ogibidez txofer izandako gizonak. “DBE jasotzen dut eta Biziguneren bitartez etxe bat alokatua daukat, baina bi alaben pentsioa emazte ohiari ordaindu behar diodanez, bada, sosik ez zait geratzen”.

Egoera larrienak

Egoera latza gorabehera, Santiagora bi astean behin jaki bila joaten diren gehienek biziraun dezakete. “Kinka biziki larrian dauden pertsonen kasuak gero eta ugariagoak dira”, diote Berpiztuko boluntarioek. “Adibidez, Irunen bada gizon bat kotxe batean bizi dena. Altzan, elektrizitatea moztu eta ezin sukaldatu dabiltzan familiak badaude”.

Orgatxoan eramaten duten janari kantitatea familiakide kopuruaren araberakoa da. Heldulekutik oratuta badoaz handik arin. Denak ez. “Nik Hondarribiko kanpineraino joan beharra daukat, han bizi naizelako. Eskerrak elkartekoek eramaten nauten”.

BERPIZTU

943 399 695

info@berpiztu.org

Premia Sozialeko Laguntzak eta Jangela Soziala

2013ko lehen sei hilabeteetan Irungo Udalak Premia Sozialeko 285 laguntza-eskari onartu ditu. Udalak kudeatu eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen laguntza hauek 423.000 €ko gastua ekarriko dute.

Dirua honako gastu mota hauek ordaintzeko baliatuko dituzte onuradunek: alokairua eta ostatua; ura, argia eta gasa; oinarrizko beharrak (odontologia, betaurrekoak, esnea umeentzat…); sukaldeko oinarrizko altzariak eta konponketak; zorrak, etxea alokatzea dakartzatenak barne.

Laguntza hauetarako aurrekontua 492.692€koa dela kontuan harturik, eta oraindik urtea amaitzeko 6 hilabete geratzen dela, Irungo Udalak Eusko Jaurlaritzara jo du, diru kopurua handi dezan lortzeko asmoz.

Bestalde, Irungo Udalak Jangela Soziala etaTopagune Soziala izeneko zerbitzuak eskaintzen ditu. Jangelako onuradun izateko eskubidea dute Irunen bizi edo erroldatuta daudenek, bai eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren adinako diru-kopurua jaso-tzen ez dutenek ere.

Jangela duela hiru urte zabaldu zen. Orduan 30 plaza zituen; gaur egun, 60 ditu. 2013ko lehen sei hilabeteetan 8.729 menu banatu dira 106 lagunen artean.

Topaguneak dutxa, garbiketa pertsonala, arropa-garbiketa eta laguntza-zerbitzuak eskaintzen ditu. 138 pertsonak dutxak erabili dituzte urtarriletik ekainera. Guztira 65 pertsonak arropa garbitu dute eta, azkenik, bazterketa soziala saihestea xede duen topagunerako espazioa 101 pertsonak erabili dute. Bertan irakurri, kafe bat edo atseden har daiteke, edota ordenagailua erabili, besteak beste. Gainera, aholkularitza eta orientazioa jaso dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude