Nagore, Rosa, Julieta

San Ferminetako txupinazoa dela eta ikusgai izan diren argazkiek zer esana eman dute, eta ez daOLYMPUS DIGITAL CAMERA harritzekoa. Ekintzaileek zintzilikatu ikurrinaren argazkiaz gain, ikusi ahal izan dira: festaren haserako eromen alkoholizatu eta ludikoaren erdian, emakume batzuen ardoz blaitutako gorputza ia biluztuta, bularrak eta ipurdia agerian. Emakume ludiko eta ardoztua inguratzen duten gizonezko ludiko eta ardoztuek ordea, ez dituzte beren gorputzak biluzten (ezta beharrik ere, nahi ez badute behin-tzat), edo agian esan beharko da: gizonezkoei inork ez dizkiete biluzarazi. Aitzitik, gizonezko guzti horiek, muga ludikoak ahaztuz, lubrikotasunera jotzen dute eta emakumeei bularrak eta ipurdia ukitzen dizkiete. Nagore Laffageri ere suertatu zi-tzaion askatasuna eta lizentzia muturreraino (Nagoreren heriotzaraino) nahastu zituen gizonezko bat: emakumearen askatasuna onartu gabe, haren gorputzarengan edozer gauza egiteko lizentzia daukala uste duen gizonezkoa, festetako algara artean erraz mozorrotzen den gizonezkoa.

Argazki hauen harira, nola ez akordatu Rosa Regas idazleak esandakoak Irunen eman zuen hitzaldian joan den hilabetean. Azken libururaren aurkezpena aitzakia zela, 80 urte dituen Rosa Regas argi-argi aritu baitzen heziketaz, hezkuntzaz, eta honi loturik doan ezinbesteko politikaz. Literaturara eraman ditu berak heziketa eta jatorri politiko ezberdineko bi pertsonaia: bata jatorri eta hezkuntza errepublikarra daukana, bestea familia frankista batean hezitakoa, eta maitemindu egiten ditu, nahiz eta jatorri ezberdin horiek direla kausa, bi maitaleen familiek amodiozko harremana debekatzen duten, XXI. mendeko iberiar penintsulan, gaurko Romeo eta Julieta bailiran. Regasek azpimarratu zituen Errepublika garaian emakumearen arloan (oro har demokraziarenean) eman ziren aurrerapausoak. Hezkuntza arloko aurrerapauso horiek (besteak beste, emakumearekiko) frankismoaren etena eta bortxa izan ez balute, egun estatu espainiarrean ez legoke txupinazoaren egunekoa bezalako argazkirik, ez Nagore bezalako horrenbeste biktimarik. Hau da, matxismo historiko topiko eta aldi berean eguneroko horren aztarnarik. Hezkuntzaz ari baikara. Eta hezkuntzak urteak behar ditu, gizartearen egituran errotu dadin. Beraz, jarrai dezagun aintzindari haien bidea.

Yurre Ugarte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude