SAIOA MARTIJA, kazetaria: “Gure lanaren balioa defendatu behar dugu”

EITBko albistegietako ohiko kazetaria da, aspaldi. Hamaika urte daramatza telebista publikoan lan egiten. Bere ahotsa eta aurpegia ezagutuko ditu jende askok, baina hainbatek ez du jakingo, beharbada, Saioa Martija (1985) irundarra dela. Bilbora ikasketak egitera joan zenetik, tarteka baino ez da bueltatzen hirira. “Familiarekin eta lagunekin egotera etortzen naiz, eta gustatzen zait. Lehen iruditzen zitzaidan jende guztia ezagutzen nuela. Orain, aldiz, aurpegi berri asko ikusten ditut”, azaldu du.

Iruñean eta Bilbon lan egiten du, gaur egun, eta Leitzan bizi da. Leku ezberdin askotako jendea ezagutzea egokitu zaio, eta oro har, Irun ezezaguna dela ondorioztatu du: “Ez dira etortzen, ez dute ezagutzen. Baina jende asko gara, eta badugu zer esana”. Horren seinale, besteak beste, Ander Arzak eta Saioa Martija bera, EITBn erreferente bilakatu diren kazetariak. Euskaraz lan eginez, gainera: “Aurreiritziak apurtzeko balio baldin badu, pozten naiz. Baina kontziente izan behar dugu egia dela Irunen euskaraz gutxi egiten dela. Auzo eta leku jakin batzuetan entzuten da, baina beste askotan ez. Tristea da”. Izaera kritikoa zorrotz mantentzen du Martijak.

EHUko kazetari harrobitik ateratakoa zara. Zein oroitzapen duzu unibertsitate garaitik?

Ez dauzkat oso oroitzapen onak, egia esan. Leioako kanpusa mendi puntan dago, eta autobusez ia ordu beteko bidaiak egin behar izaten genituen, nahiz eta Bilbon bizi. Klaseak arratsaldez edukitzen nituen, fakultatea zahar-zaharra zen… Oroitzapen iluna dut.

Irakasle batzuk onak ziren, eta markatu ninduten. Telebistarako eta irratirako sekulako baliabideak daude, eta horiek aprobetxatu genituen. Beste irakasle batzuek, berriz, desilusio handia eragin zidaten. Onartezina iruditzen zait unibertsitateko klase batean irakasle batek bi ordu pasatzea edukiak diktatzen.

Praktikak egiteko aukera eduki zenuen, behintzat, eta ateak ireki zizkizun.

EITBn egin nituen, lizentziaturako azken urtean. Gero bi urterako praktiketako kontratua lortu nuen. Ondoren, aurkezle kontratua eduki nuen, eta bukatzeko, plaza bat atera nuen azken oposaketetan. Hamaika urte daramatzat EITBn lanean. Kazetari gisa ez dut beste inon lan egin.

Oso gazte hasi zinen aurkezle lanean, 2009an. Nola sortu zitzaizun aukera?

Gazteegi hasi nintzen. Aurkezle aritzeko casting bat antolatu zuten, eta nik izena eman nuen. Banekien EITBn jarraitasunez lan egiteko modu bakarra hori zela. Gure lanbidean, konplexuagatik edo beldurragatik, jende asko ez da halako aukeretara animatzen. Ausardia falta da, askotan.

Zergatik diozu gazteegi hasi zinela?

Ni ez nengoen prestatuta. Hala ere, ikaragarri ikasi nuen garai hartan, hanka sartze pila bat eginez. Gauberri albistegia aurkezten hasi nintzen, 23:00etan, oso berandu. Niretzat sekulako eskola izan zen, akatsetatik ikasten baita gehien.

Momentu horretan izan zenuen ausardiarik ez al duzu ikusten, gazteen artean?

EITBn praktikak egiten dabiltzan gazteen artean, nik bi multzo egingo nituzke. Batzuek ausardia dute, ideiak proposatzen dituzte, jarrera aktiboa dute. Beste bekadun batzuek nahiago dute iskin batean geratu, pentsatuz, behar dutenean, eskatuko dietela zerbait egiteko. Gazte horiek gaitasun handia eduki dezakete, beharbada, baina iskin horretan geratzen baldin badira… Iruditzen zait jarrera eta nortasuna oso garrantzitsuak direla gure lanbidean.

Zer azpimarratuko zenuke telebistako lanaren inguruan?

Egunero azterketa bat edukitzen duzula, eta ez duela zure nagusiak bakarrik ikusten, milaka ikus-entzulek baizik. Akatsak egon daitezke edizioan, ahotsean, edo beste edozein arlotan. Oso profesional ona izan zaitezke, baina egun txarra baldin baduzu, sentsazio txarrarekin geratzen zara. Eta ez zara egunero ondo egoten, jakina.

Alde onak ere baditu, noski, oso polita da. Jende asko ezagutzen duzu, eta gai ezberdinetako gauza pila bat ikasten dituzu.

Ahoz Aho + emankizuna ere egiten duzu orain. Erritmo lasaiagoa du, eta sakontasun handiagoarekin lantzen dituzue gaiak.

Nire bigarren urtea da Ahoz Aho + saioan, eta oso-oso ezberdina da, albistegiekin alderatuta. Albistegietan dena mugatua dago, 40 segundoko konexioa, minutu bateko pieza, edo dena delakoa. Ahoz Aho +n lasaiago egoten naiz, beste patxada eta askatasun batekin. Formatuak horretarako aukera ematen du. Oso gustura ari naiz, egia esan.

Gaurkotasun gai ezberdinak lantzen dituzue. Zu zeinetan sentitzen zara erosoen?

Politikan hobeto, ekonomian baino. Ez dut gaia menderatzen, eta egokitzen zaidanean, ahalegin handia egin behar izaten dut. Gogoratzen dut ni lanean hasi nintzenean, ekonomia bigarren mailako gaia zela. Baina krisiarekin, lehentasunezko bilakatu zen.

Berdintasunaren inguruko gaiak asko gustatzen zaizkit, eta iruditzen zait lan handia egin beharra dagoela zentzu horretan, ez baitiogu behar adinako tarterik eskaintzen.

Komunikabide publikoei leporatu ohi zaie botere politikoaren tresna izatea. Zein iritzi duzu?

EITBn lanean eman dudan denboran, aldaketak izan dira Eusko Legebiltzarrean, baina nik ez ditut nabaritu, eguneroko lanean. Nire lankideek, duela hamar urte eta orain, lan berdina egiten dute. Egia esan haluzinatu egiten dut sare sozialetan jendeak botatzen dituenekin. Azken aldian oso haserre nabil, denak zaku berean sartzen gaituztelako.

Jarriko al zenuke adibideren bat?

Guk beti hartzen dugu kontuan genero ikuspegia, saioa prestatzerakoan. Beti saiatzen gara gonbidatuen artean oreka mantentzen, eta askotan, gainera, gehiago izaten dira emakumeak. Baina ezin duzu imajinatu batzuetan zeinen zaila den emakumeak saiora ekartzea.

Normalean, gizon bati eskatzen baldin badiozu, ez du inolako arazorik edukitzen bere jakituria guztia erakusteko. Emakumeek beti izaten dute erreparo gehiago, nahiz eta unibertsitateko irakasle edo enpresaburu izan. Ez dute segurtasunik haien diskurtsoa jendartean zabaltzeko. Kasu batzuetan, mahaiaren inguruan gizon gehiago baldin badaude, jendeak leporatzen digu ez ditugula genero irizpideak kontuan hartzen.

Gainerakoan, nola ikusten duzu euskal kazetaritza, orokorrean?

Oso gaizki. Nik jende guztiari eskatzen diot lana doan ez egiteko. Duela gutxi, Ane Irazabalek hitzaldi batean aipatu zuen La Vanguardia egunkariarentzat zutabe bat doan idazten zuen emakume hasiberri bat ezagutu zuela. Urte bete pasa zenean, esan zien bazela garaia zutabe horren truke kobratzen hasteko. Egunkariak kaleratu egin zuen, eta lan hori doan egingo zuen beste bat hartu zuten.

Kazetaritza lan bat da, eta merezi duguna kobratu behar dugu. Errealitatea da jende askok doan egiten duela lan, edo behar baino ordu gehiago sartzen dituela.

Beharrezkoa al da kazetaritza, gaur egun?

Bai noski, ezinbestekoak gara, profesionalak garelako. Egia da, interneten garaian, zalantzan jartzen gaituztela. Barkatu, baina sare sozialetan argazkiak eta iruzkinak elkarbanatzen dituen norbaitek borondaterik onena izan dezake, baina ez da profesionala. Zorrotzak izan behar gara, eta gure lanaren balioa defendatu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude