GORKA MARTINEZ
unpaisenmimochila.blogspot.com
Denbora: 3 ordu (geldialdirik gabe).
Distantzia: 11,54 km.
Desnibela: 557m.
Zailtasuna: Erraza. Ibilbide laburra, eta desnibel handirik gabekoa.
Jaizkibel mendia (545m) oso ezaguna da Euskal Herrian. Itsaslabar eta kala ikusgarriek bisitari mordoa erakartzen dute urtero. Jaizkibel mendiaren tontorrera, aldiz, ez da horrenbeste jende hurbiltzen. Urrutitik ikusten diren antena erraldoien parean dago postontzi txikia. Guadalupeko ermitatik irteten da ibilbide ohikoena, baina laburra da, eta ez du ahalegin handirik eskatzen. Jaitzubia auzotik, aldiz, ibilbide biribil ederra egin daiteke.
Kontuan hartu behar da ibilbidearen zatirik handienak ez duela seinalerik. Hortaz, gomendagarria da GPS track-a erabiltzea (unpaisenmimochila.blogspot.com-en aurkitu daiteke).
Hondarribiko Jaitzubia auzoaren sarreran dagoen aparkalekuan utziko dugu autoa. Ondoren Jaizkibel aldera doan errepidea hartuko dugu, “Kamio” eta “Kaikuegi” baserrietarako norabidea argitzen duten seinaleei jarraituta. Asfaltozko errepidea harrizko pista bihurtuko da, eta minutu gutxiren buruan, bidexka txiki bat hartu beharko dugu, bidegurutze batean. Udaran ezkutuan gera daiteke, iratzeen artean. Bide estua da, baina ondo markatua. Igoera zuzena da, eta Jaizkibel mendia zeharkatzen duten lurrezko pistak gurutzatuko ditugu, antenetara bidean.
Ibilbideko lehen ordua betetzerako, Jaizkibel mendiaren goiko aldera iritsiko gara. Antenak ezker aldean geldituko dira. Gertu daudela irudituko zaigu, baina beste ordu erdi eman beharko dugu, magalean gora, haietara ailegatzeko. Antenen parean dago postontzia (545m). Bertan, Gipuzkoako kostaldearen ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango dugu.
Jaitsierari ekiteko, tontorrera ekarri gaituen bidetik bueltatu beharko dugu, Jaizkibelgo begiratokiraino. Leku ezaguna da, kotxez hurbiltzea erraza baita. Hala ere, bertako ikuspegiak behin baino gehiagotan bisita egitea merezi du. Begiratokitik aurrera, bide belartsua hartuko dugu, eta Guadaluperaino eramango gaitu (2:15). Azken txanpan, malda pikoa jaitsi beharko dugu.
Guadalupen atseden hartu ondoren, jaitsieraren bigarren zatiari ekingo diogu. Horretarako, ermitaren pareko aparkalekuaren atzetik irteten den lurrezko pista hartuko dugu. Hondarribiko Arkolla auzoraino iritsiko gara. Bertan, Jaitzubiako padurak zeharkatzen dituen bide berdea hartuko dugu, eta laster helduko gara Jaitzubiko aparkalekura (3 ordu).