Gizon bat atxilotu dute Irunen droga trafikoa egotzita

Igande gauean udaltzainek 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuten osasun publikoaren kontrako ustezko delitu batez akusatuta.  Atxiloketan atxilotuak ibilgailuan zeramatzan 10 kilo haxix konfiskatu zioten.

Zehazki, udaltzainek alkoholaren eta drogen kontrako prebentziozko kontrol bat jarri zuten Iparralde hiribidean, eta ikusi zuten gurpila zulatuta zeukan auto bat zebilela Bidasoa kalean.  Udaltzainek autoa gerarazi eta kontrolera eraman zuten, eta gidariak emaitza negatiboa izan zuen alkohol- eta droga-kontsumoa hautemateko probetan.

Agenteetako batek gurpila aldatzen lagundu zion gidariari. Maletategian autoaren katua bilatzean, prentsatutako substantzia marroi baten hamaika fardel zeramatzala ikusi zuen. Ustez, haxixa izan zitekeen. Salgai horiek pisatu eta ikusi zen hamar kilotik gorako pisua zutela, eta gidaria atxilotu zuten agenteek, droga-trafikoaren ustezko delitua egotzita.

Goizean, Ertzaintzaren txakurren lankidetzarekin, ibilgailua goitik behera miatu zuten, ibilgailuaren beste txokoren batean droga gehiago zegoen bilatzeko.

Aurretiazko ikerketak burututa, Udaltzaingoak guardiako epaitegira bidali zuten atxilotua, eta epaileak kartzelara bidali zuen behin-behinean, fidantzarik gabe.

Irungo Udalak eskerrak eman nahi dizkie jarduketan parte hartu zuten agenteei; era berean, prebentziozko kontrol hauen erabilgarritasuna goraipatu nahi du. Horiei eta agenteen eraginkortasunari esker, arau-hausteak detektatzen dira eta, kasu honetan, osasun publikoaren kontrako ustezko delituen egileak atxilotzeko balio dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude