Niko Mindegia Bidasoa Irunera itzuliko da 2026/2027 denboraldian

Bidasoa Irun Kirol Elkarteak akordio garrantzitsua lortu du Niko Mindegia jokalariarekin, 2026/2027 denboraldirako taldera batzeko. Doneztebeko erdikoak (1988ko uztailaren 19a), 1,84 metroko altuerakoak, talentua, jokoaren ikuspagi sakona eta taldearen gidaritzan esperientzia handia emango dizkio taldeari.

Mindegiak ibilbide sendo eta arrakastatsua osatu du Europako eskubaloian, besteak beste Orlen Wisla Plock, Pick Szeged eta Toulouse bezalako talde indartsuetan arituta. Bere antolaketa-gaitasuna eta jokoaren bi faseetan erakusten duen konpromisoa izango dira fitxaketa honen zutabe nagusiak.

Klubaren ustez, balio estrategiko handiko fitxaketa da hau, Bidasoaren filosofiaren eta balioen ildotik doana guztiz. Izan ere, bere esperientziak eta lidergo gaitasunak aukera taktiko berriak eta sendotasun handiagoa ekarriko dizkiote taldeari, kantxan funtsezkoa den antolatzaile postuan. Nafarroako lehen lerroko jokalaria bere adimen taktikoagatik nabarmentzen da batez ere. Elitean eskarmentu handia izanik, erdikoak taldea gidatzeko gaitasuna, jokoaren irakurketa azkarra eta jaurtiketetan duen eraginkortasuna uztartzen ditu, bere postuan erreferente bihurtuz.

Bestalde, Mindegia bera oso pozik agertu da Bidasoaren proiektura batzeko aukerarekin. Jokalariak aitortu du ilusio handiko fitxaketa dela berarentzat, betidanik izan duelako Bidasoan jokatzeko gogoa eta orain iritsi dela momentu egokia. Fisikoki ondo dagoela nabarmendu du, jakin badakielako klub handi honetan aritzea erantzukizun handia dela, ingurukoek asko maite duten taldea baita. Zentzu horretan, bere burua prest ikusten du maila gorenean lehiatzeko eta talde irundarrari laguntzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude