Jaizubia Hipikak Jauzi Lehiaketa Autonomikoa eta 2023ko Euskadiko Jauzi Txapelketa hartuko ditu asteburuan

Asteburuan Irungo instalazioetan Jauzi Lehiaketa Autonomikoa eta 2023ko Euskadiko Jauzi Txapelketa. Eukadiko Hipika Federazioak eta Jaizubia Zaldiketa Eskolak, asteburuan irungo instalazioetan jokatuko diren jardunaldiak aurkeztu dituzte. Ostiral, larunbat eta igandeko hitzorduak 9: 00etan hasiko dira.

Guztira 7.000 euroko sariak banatuko dira eskudirutan eta maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat opariak ere egongo dira. Hitzordua Euskadiko Hipika Federazioak antolatzen du eta Jaizubia Zaldiketa Eskolarekin itxitako akordioaren ondorioz, Irungo instalazioetan jokatuko dira.

200 zaldizkok parte hartuko dute, horien artean Espainia mailan punta-puntan dabiltzan zaldizko profesionalak; besteak beste, Peio Elordui (urrian La Dehesa Montenmedion ospatutako Espainiako Txapelketa Absolutuan zilarrezko domina eskuratu zuen 1,30 m-ra), Ruben Gómez (7 urteko zaldi gazteen proban urrezko domina eskuratu zuen urriko Espainiako Txapelketan) eta Espainia mailan hainbat sari nagusi irabazitako Xabier Zabaleta izango dira; zaldizko gazteen artean, Uxue Arruza (Espainiako Txapelketan garaile eta Europako Jauzi Txapelketan txapeldunordea) edo Nora García (Espainiako Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen) izango dira lehiatzen.

Txapelketan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritako zaldizko eta amazonak izango dira eta baita Nafarroatik, Errioxatik eta Kantabriatik etorritakoak ere. Lehen mailako zaldizko eta amazonez gain, euskal kirolean nabarmentzen hasi diren promesa askok ere parte hartuko dute.

Euskadiko Hipika Federazioko presidenteordeak, Eduardo Fuentesek, Euskadiko Txapelketa ospatuko den lekua azpimarratu nahi izan du, “Jaizubia Zaldiketa Eskola Federazioak oso ezaguna duen kluba da. Estrategikoki leku erosoan kokatuta dago lehiaketara joaten direnentzat. Instalazioak etengabe ari dira hobetzen eta kluba horrelako txapelketa bat hartzeko erabat prestatuta dago “. Itziar Urtizberea Jaizubia zaldiketa Eskolako presidenteak gaineratu duenez, “proba oso lehiakor eta ikusgarriak izaten dira eta horregatik jendea ikustera animatu nahi dugu”.

Altuera ezberdinetako jauziak izango dira, 0,80 metrotik hasita, 1,30 metrora bitartekoak. Parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolan, ikastolaren aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude