Urriaren 30etik abenduaren 9ra ospatuko dute Euskararen Eguna Irunen

Irungo Udalak Euskararen Nazioarteko Eguneko (ENE) programazio zabala aurkeztu du, bigarren urtez ospakizuna hiru hilabete eta sei astez hedatuko duena. ‘Euskarak 365 egun’ filosofiari eutsiz, urriaren 30etik abenduaren 9ra bitartean hamabi jarduera eskainiko dira hiriko hainbat areto eta kaleetan, adin guztietako herritarrei zuzenduta eta doan. Aurtengo lelo nagusiak —’Egin #klik euskarari’— eguneroko keinu txikien bidez euskararen erabilera aktibatzera gonbidatzen ditu herritarrak.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendariak jakinarazi dutenez, euskalgintzako eragileen eskaerei erantzunez eta AROA planaren baitan garatu da egitasmoa, abenduaren 3ko hitzordua egun bakar bateko txinparta izan beharrean udazken osoko egitarau bilakatzeko.

Programazioa ostiral honetan bertan, urriak 30, hasiko da Amaia Kultur Zentroan (19:00), Pauso-K taldearen ‘Zazpiak bat’ kantu eta dantza ikuskizunarekin. Azaroan zehar erritmoa ez da geldituko: hilaren 13an Ene Kantak konpainiak ‘Amagoia Dragoia’ haurrentzako musikala eramango du Amaia KZra; 15ean ‘Irunen Kantuz II’ kale kantu-jira egingo da hirian barrena; 21ean Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen XI. Txapelketa hartuko du Palmera Montero Guneak; eta 28an Imanol Epeldek ‘Zerbait sartu zait begian’ bakarrizketa taularatuko du Oiasso Museoan.

Abenduan sartuta, Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek hitzaldia eskainiko dute hilaren 1ean, eta Beñat Muguruzak 2025eko Loidi bekaren ikerketa aurkeztuko du abenduaren 2an CBA liburutegian. Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Oiasso Museoak ihes gela egingo du goizean euskaltegietako ikasleentzat, eta arratsaldean La Dramática Errante konpainiaren ‘Adiorik ez’ antzezlan nagusia taularatuko da Amaia KZn, audiodeskripzio eta azpitituluekin guztiz irisgarri. Egitasmoa abenduaren 6ko txistulari eta muxikoekin eta abenduaren 9an Amaian eskainiko den ‘Mintzo zen’ laburmetraiarekin osatuko da.

Sarrera doan, baina gonbidapenarekin

Jarduera guztiak doakoak badira ere, Amaia Kultur Zentroko ikuskizunetarako gonbidapenak udal webgunean, zentroko leihatilan edo Luis Marianoko turismo bulegoan eskuratu beharko dira aldez aurretik (gehienez lau pertsonako). Oiasso Museoko hitzorduetarako txartelak, berriz, museoan bertan jaso beharko dira (gehienez bi pertsonako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude