Irun Euskaraldiaren bigarren edizioan murgilduta dago

Irun Euskaraldiaren bigarren edizioan “aho-belarri” murgilduta dago. Abenduaren 4ra arte Euskal Herri mailan egingo den ariketa sozialean parte hartzeko aukera izango dute irundarrek, Ahobizi edo Belarriprest rolak hautatuz. Gainera, ariketa sozialak abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du.

Euskaraldiaren bigarren edizio honek, ordea, lehen edizioko helburuari eusten dio: hizkuntza-ohiturak alda- tzea gizarte talde guztietara zabaldutako eta denboran mugatuta izango den ariketaren bitartez. Azken datuen arabera, Irunen 2.179 pertsonek eman dute izena Euskaraldian, 1.679 Ahobizik eta 500 Belarriprestek zehazki eta, entitateei dagokienez, 93 entitate batu dira ariketara, euskaraz aritzeko ia 400 Arigune sortu dituztelarik.

Irunen kasuan, Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintzak abenduaren 5era arte luzatuko dira. Hortaz, oraindik euskaraz antolatutako zenbait ekintzez gozatu ahal izateko azken aukera izango dute hiritarrek. Abenduaren 1ean, asteartea, Amaia Kultur Zentroko areto nagusian Txalo Produkzioak taldeak “Zoaz Pake Santuan” antzerkia eskainiko du 19:00etan. Ostegunean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Amaia Kultur Zentroan “… Nahi dugu hitz eta jolas” bertso saioarekin beteko da arratsaldeko 19:00etatik aurrera aretoko antzoki nagusia. Azkenik, abenduaren 5earako, larunbaterako, Topaguneak Laburbira Euskarazko Film Laburren XVII. Zirkuitoa antolatu du arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bukatutakoan, Yolanda Mazkiaran zuzendariarekin solasaldia izango da.

Ekitaldi guzti hauek doakoak izango dira. Antzerkia eta bertso-saiorako sarrerak turismo bulegoan jaso ahal izango dira edo Amaia Kultur Zentroaren leihatilan emanaldiaren egunean bertan. Katujiraren kasuan, aldiz, mezu bat idatzi beharko da euskara@irun.org posta kontura izen-abizenak eta “Kantujira” adieraziz. Udaletik gonbidapenak helaraziko zaizkie interesatuei bueltan edukiera bete arte. Jarduera guztietan segurtasun- eta higiene-neurriak mantenduko dira (maskara, gel hidroalkoholikoa, distantziak, kopuru mugatua, etab.).

Hiritarrak protagonistak
Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, norbanakoen parte-hartzeaz gainera, hiriko entitate eta elkarte ezberdinek sortutako Ariguneen bitartez gauzatuko da ariketa soziala. Horretarako, Euskaraldia hasi aurreko hilabeteetan zehar hiriko entitate, elkarte, ostalaritza eta merkataritza establezimenduek ariketan parte hartzeko izena eman zuten, ariketak kutsu soziala izan dezan. Irungo Hizkuntza Eskola Ofizialetik, adibidez, Euskaraldiaren lehen edizioan ikasleak ariketa parte hartzeko animatu zituzten. Joxemi Gallastegi Irungo Hizkuntza Eskolako Normalkuntza arduradunak azaldu duenez, aurten entitate moduan Euskaraldian izena emateko aukera eskaini denez, hizkuntza eskola gisa ariketan parte hartzea erabaki dute. Hizkuntza Eskolan ingelesa, frantsesa, eta alemana irakasteaz gainera, euskara ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Horregatik, Joxemi Gallastegik azaldu bezala, euskararen inguruan honelako ekimenak martxan jartzea aproposa iruditzen zaie eta, Euskararen Egunarekin egin ohi duten bezala, Euskaraldiaren inguruan lehiaketa edo mintzodromo bereziren bat antolatzeko ideia dute.

Azken Portu auzoan kokatutako De Perita fruta-dendan ere Euskaraldiarekin bat egin eta Argiunea sortu dute. Victor Ortega fruta-dendako jabeak azaldu duenez, bezero guztiak gazteleraz hitz egiten diotela ikusi ostean, auzoko jendearen artean euskara sustatzeko modu aproposa iruditu zaio. Victor Ortegak Belarriprest rolean arituko da salmahaiaren atzetik, “euskara menperatu ez arren, gehiago ikasteko bezeroak niri euskaraz zuzentzea gustatuko litzaidake”.

Kirol entitateak ere Euskaraldira batu nahi izan dira. Super Amara Bidasoa Altetiko Taldeak, klubetik antolatutako ekitaldi guztietan bezala euskara sustatzeko konpromisoa mantentzeko, Arigune gisa parte hartuko du 2020ko Euskaraldian. Adur Amilibia klubeko marketing teknikariaren hitzetan, “atletismo entrenamenduetan euskaraz aritzeaz gainera, zuzendaritza taldearen zereginetan euskara txertatzen ahalegintzen gara.

“Euskara menperatu ez arren, gehiago ikasteko bezeroak niri euskaraz zuzentzea gustatuko litzaidake”

Victor Ortega, De Perita fruta-dendako nagusia

Patricia Ruiz Plaiaundi Institutuko ikasketa buruak azaldu duenez, “Euskaraldian talde gisa parte hartzeko aukera oso interesgarria iruditzen zaigu”. Ikastetxe gisa Euskaraldian parte hartzea oinarrizkotzat jotzen dute Plaiaundi Institutuan, ikastetxean herri desberdinetatik etorritako ikasleak elkartzen direla ikusita. Gainera, ikasketa buruak azaldu bezala, Irunen kasuan euskarak bultzada berezi bat behar du .

All4Movil enpresatik, Jon Garmendiak azpimarratu duenez, “merkatarien artean euskara bultzatu eta euskaraz salerostea posible dela erakutsi beharra dago”. Euskarak egun bizi duen egoera ikusita, honelako ekimenak laguntza handikoak direla uste du telekomunikazio enpresako nagusiak. Hortaz gain, gizartean telekomunikazioen sektorean gazteleraz soilik lan egiten dela aurresuposatzen da askotan eta Jon Garmendiaren iritziz, hori lehenbailehen aldatu beharra dago.

“Euskaraldian talde gisa parte hartzeko aukera oso interesgarria iruditzen zaigu”

Patricia Ruiz, Plaiaundi Institutuko ikasketa burua

Alberdania argitaletxeak ere Euskaraldira batzeko aukera aprobetxatu nahi izan du. Jorge Giménezek Alberdania argitaletxeko zuzendariak azaldu bezala, “Euskaraldia bezalako ekimenetan indarrak batzea garrantzitsua da eta gu ezin ginen albo batera gelditu”. Euskaraz eta euskararentzako sortutako argitaletxe gisa, ezinbestekoa zen Arigune bat sortzeko aukera aprobetxatzea.

2020ko Euskaraldian Arigune gisa parte hartuko duten entitateen taldea oso zabala da, ariketa sozialak iraun bitartean eta etorkizunean Irunen euskaraz mintzatzeko aitzakiarik falta ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude