AIAKO HARRIARI

Doinua: Urki zelaiko puntan
Egilea: Urko Casado Usandizaga

1
Kantak jarriko ditut zure maitemiñez
sentimendurik hitzez azaldu eziñez.
Berdin du jazten zeran gris edo urdiñez,
hosto ugariz edo soineko ariñez,
ezin ederragoa nola zaren ziñez.

2
Bat edo hiru zaren askoren zalantza,
“K” batek karteletan dabilkien dantza!!
Toponimia du sarri hizkuntzak ardatza,
udalean zenbaitek ez dakite antza,
eta errespetua horretantxe datza.
3
Hurbiltzeko parada nola sarri dedan,
zenbat denbora pasa ote det zuregan
zentzu guztiak erne (e)ta burua hegan,
denbora ere gelditu egiten ote dan…
zure parte izaterik bagenu aukeran!
4
Haseran tontorretan zen nire arreta,
Txurrumurru, Erroilbide, Hirumugarrieta,
eta sartalderantza daukazun pareta.
Ondoren baso, magal, zoko (e) ta erreka,
Zenbat sorpresa dezu neretzat gordeta?
5
Landaredia dezu benetan anitza,
Pago, txilar, astigar, iñar nahiz haritza,
zumar, gaztainondo, haltza, urki ta hurritza,
gorosti, lizar, ametz, sahats zein zumitza,
gai zera edonondik sortzeko bizitza.
6
Orkatza, azeria, xagua, azkonarra,
arrabioa, igela, trikua, muxarra,
muskerra, sugandila, saia, xaguzarra…
Pertsonok ez genuke onartzea txarra
haiek soilik dutela zurekin beharra.
7
Berez duzun oreka pertsonok irauli,
errespetorik gabe hainbeste ahali.
Ardi, behi edo behor mendira bidali,
zuregan bizi arren, nahiz askok estali,
abere bakoitzeko mila animali.
8
Etzarenez osatzen soilik lur publikoz,
lehenengo jo zintuen pinuak ostikoz.
Pertsonon mixerian dirua beti poz!!
ia etzaituzten janzten inoiz eukalitoz,
zuhaizti (e)ta basoak betirako itoz.
9
Beti ez dut erdi hutsa ikusten botila,
lau jantzirekin dabil zuregan okila.
Aurten hurbildu zaizu sekulako pila,
pinu lehorretara alimentu bila,
bizitzaz betetzeko txulo borobila.
10
Kantak jarri dizkizut Aiako Harria,
gutxi den bezain leku liluragarria.
Artzain-basozain biko maiz kontrajarria,
elkarlanerako da nere aldarria,
bakarra izanki lotzen gaitu(e)n uztarria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude