DESIRA GOSE

Doinua: Gaur gurutzatu gara

Egilea: Manu Goiogana Bngoetxea

1)

Bistaratu denean

ilargi zurbila

itxi dut kremailera,

lotu zapatila.

Gosea da desira

baten kiribila

Noan, zitara garaiz

iritsi nadila,

Bihotza asetzeko

menuaren bila

2)

Elkar topatu dugu,

berriro, Izaro,

eta irri bat egin

didazu emaro.

Aske zabiltza, alai,

gustura zeharo,

mahai gaineko ura

baino gardenago

eta nire bihotza

egarriak dago

3)

Lehen galdera “Kaixo,

zelan doa dena?”

elkarrizketa sortu

duen ekimena.

Hitzez hitz sortzen joan

gara ondorena;

ogi puska bat zara,

pertsona onena,

nire etxeko labean

egosiko dena!

4)

Elkarrizketak segi

duenez primeran

ohartzerako gaude

etxeko harreran.

Muxu bat ematean

lehenengo aukeran

gure mingainak ia

joan dira hegan

helize forma duten

makarroien eran.

5)

Gose grina begitik

ahoratzen bada

nola jan gura beste

baina zerbait laga?

Berriz ere hasi da

zimurtzen izara!

entsaladan dauden bi

urazen gisara

gu ere hostoz hosto

biluztuko gara!!

6)

Begiak distiratsu,

masailak melenga;

mingainak plazererantz

aurkitu du xenda.

Erantzi dugunean

gure azken prenda

zure_haragi xamurrez

ase nahi nuen ba

ahoan urtu ordez

ahoa urtzen da.

7)

Sagar eta udare

puskak ditugula

marrubi zaporea

nola disimula,

mazedonia goxo

batetzat formula.

Bion belarritara

“mmm” azken xuxurla

esanaz jandakoa

gustatu zaigula!!

8)

Desioa zegoen

maitasunaren zain,

pasiotik jan dugu

irriz hasteko lain.

Lasaitutako gorputz,

mindutako ezpain,

bihotza asetzean

gure goseaz gain

digestioa egin

behar dugu orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude