Pablo Moratinosek bere marketin ezagutzak liburu batean partekatuko ditu

Argazkia: Estudio Gover

Martxoaren 24an kaleratuko da Pablo Moratinosek idatzitako “Negocios online. Data driven marteking” izeneko liburua. Argitalpenean interneten negozioak abiatzeko kontuan izan beharreko marketin aholkuak azaltzen ditu marketin aholkulari irundarrak. Liburua dagoeneko hainbat plataforma eta dendetan erreserbatu badaiteke ere, Pablo Moratinosek azaldu du jendeak irakurri eta iritziak partekatzen hasteko desiratzen dagoela.

Nola sortu zen online negozioen sorkuntzari buruzko liburu bat argitaratzeko aukera?
Egia esan, ez zen izan nire ideia. Ideia argitaletxeak izan zuen eta beraiek jarri ziren nirekin harremanetan. Haien asmoa marketinari buruzko liburu bat egitea zen, baina datuen analisiaren ikuspegitik. Gai horri buruzko liburu bat idatzi nahi ote nuen esan zidaten, eta baietz esan nien, noski. Nolabaiteko askatasuna eman zidaten neronek eman nahi nion ikuspegia aukeratzeko. Gogoeta bat egin nuen eta honetan datza: gaur egun marketinaren mundua oso eskuragarria da mota guztietako marka edo pertsonentzat. Gertatzen dena da mundu guztiak badakiela Facebooken enpresa orri bat sortzen edo publizitate kanpaina txiki bat ere egiten, baina oso jende gutxik daki salmenta kopurutik harago kanpaina horren emaitzak aztertzen, hau da, emaitzak optimizatzen. Liburua horretara bideratuta dago, marketin lana egiten hasi nahi duen jendearentzat, baina ez daki nola egin behar duen gero eta emaitza eraginkorragoak lortzeko, diru gutxiago gastatzeko eta etekin hobea ateratzeko.

Liburua era askotariko jendearentzat erabilgarria izan daiteke?
Oso zabala da. Egia esan, Interneten negozio bat duen eta egoera hobetu nahi duen edozein pertsonarentzat, diru gehiago irabazi nahi dutenentzat, bezero kopurua handitu nahi dutenentzat, bezeroaren leialtasuna irabazi nahi dutenentzat edo jendeak maizago erostea nahi dutenentzat liburuak hori lortzen lagunduko die. Bada zati garrantzitsu bat ere, hau da, liburua ez dago bakarrik dagoeneko Interneten funtzionatzen ari den batentzat pentsatuta. Liburua Interneten negozio bat izatea gustatuko litzaiokeen eta ideiak nondik har ditzakeen ez dakien jendearengan pentsatuz ere sortu da. Liburuaren hasieran azaltzen da nola hasi ideiak sortzen, batez ere funtziona dezaketenak edo jendearen aldetik interes potentziala izan dezaketenak.

Erraza izan zaizu marketinaren kontzeptuak gaian hasiberriak diren horientzat sinplifikatzea?
Egia esan, erraza da, edozein negozio ideiaren etapa klasikoek gidatzen baitute liburua. Ideiaren sorrera azaltzen den zatian, inork ez daki ezer negozioen sorkuntzari buruz edo marketinari buruz. Orduan, kontzeptu berri horiek guztiak behar bezala azaltzen dira, eta horrek errazagoa egiten du liburuan azaltzen den guztia barneratzea.

Zehazki, zer marketin estrategia azaldu dituzu liburuan?
Egia esan, marketin estrategia orokorrenak islatzen saiatu naiz. Batez ere ideia sortzeko eta aztertzeko faseak landu ditugu, ideiak garatzeko aukerarik ba ote duen jakiteko. Gero, aurremerkaturatze fasea prestatzen ere eman dugu denbora pixka bat, eta oraindik garatu gabe dagoen ideia potentziala jendeari ezagutarazteko modua erakutsi dugu. Ondoren, merkaturatze fasean sartzen gara, non ideia optimizatzen dugun eta jendeak ezagutzen gaituen arren, oraindik ez digun erosten. Azkenik, bezeroaren fidelizazioaren atalean, jendeak behin baino gehiagotan eros diezagun edo bere kontaktuei gure lana gomendatu diezaien lortzen saiatzen gara. Hori guztia gaur egun oso ezaguna den Lean metodologiaren bitartez egin dugu, hau da, negozio bat modu ekonomikoan abiaraztera eta probatzera bideratutako metodologiarekin.

Teoria azaltzeaz gain, ikasitakoak praktikan jartzen erakustea garrantzitsua da?
Bai. Bada liburuaren zati bat, hasieran asko kezkatzen ninduena; izan ere, dena oso azkar aldatzen da, eta, beraz, baliteke liburuan argitaratzen diren gauzak edo irudiak erabilgarriak ez izatea oso denbora laburrean. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zait liburuaren erosle guztiei eskaini diegun aukera; izan ere, webgune espezifiko bat sortu dut liburuaren informazioa osatzeko. Webgune horretan etengabe eguneratzen ari naiz eduki guztia, zaharkituta gera ez dadin. Horrela, liburuan teoriaren zati handi bat azaltzen da, baina exekuzioa webgunean azaltzen da, deskargatu daitezkeen bideo edo txantiloien bidez.

Liburuan garrantzi handia ematen diozu datuak zuzen interpretatzeari, ezta?
Hori da gakoa. Mundu guztiak Big Data edo datu-bolumen handi batekin lan egitea gutxi gorabeherako ideia bat duen une batean gaude, baina datu horiek interpretaziorik gabe jasotzeak ez du ezertarako balio. Prozesuaren zati garrantzitsuena da horiek aztertzea eta, horien bidez, hobetzeko ideiak aukeratzea edo bezeroek gure produktuekin edo zerbitzuekin dituzten tirabirak murriztea. Liburuak oso zati garrantzitsua du, ezagutu eta kontrolatu behar ditugun metrika guztiak deskribatzen ditu, eta horiek aztertzen irakasten digu, kontrol egokia izan dezagun.

Marketinean dena azkarregi aldatze da?
Hala da. Dena den, marketinaren oinarrizko printzipioak orain dela 50 urteko berdinak dira. Egia esan, asko aldatzen ari dena tresnak dira, eta orain joera batzuk ikusten ari gara; horien bidez, lehendik ere erabili izan diren teknikak erabiltzen ari gara berriro. Gaur egun asko hitz egiten da Growth Hacking-ari buruz eta bere teknikak antzinako estrategietan oinarrituta daude.

Lehen liburu honen ondoren, edukian gehiago sakontzen duen beste liburu bat argitaratzea gustatuko litzaizuke?
Egia esan, liburu bat idaztearen esperientzia oso polita da. Gozamena izan da Anaya Multimediaren taldea bezalako jende profesionalaz idaztea. Hori bai, ezagutzaren hustuketa oso handia da, eta, beraz, nik uste nuena baino ariketa gogorragoa da. Asko gustatu zait neure buruari kontzeptuak finkatzeko balio izana. Ziur aski, etorkizunean, guzti honetatik errekuperatzen naizenean, agian bigarren zati bat edo zerbait aurreratuagoa idaztea planteatuko diot nire buruari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude